Eusko Jaurlaritzak 51 milioi euro gastatu zituen iaz lurralde pobretuetako garapen proiektuetan

Actualizado: jueves, 13 enero 2011 17:20

BILBO, 13 Ene. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 51 milioi euro erabili zituen guztira 2010. urtean, lurralde pobretuetan garapen-lankidetzako jarduerak finantzatzeko. Fernando Fantova Gizarte Gaietako sailburuordeak eta Marta Ares Godoy Garapenerako Lankidetzaren Agentziako zuzendariak joan den urtean hegoaldeko hainbat herrialdetan gauzatu diren lankidetza-programa eta -proiektuen balantzea egin dute gaur.

Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 2010eko aurrekontu orokorren %0,49 izan da (2007an % 0,44; 2008an %0,45; 2009an %0,48). Fantovaren iritziz, krisi ekonomikoaren erdian, "datu horrek argi uzten du egungo gobernuak duen konpromisoa, munduko pobrezia ezabatzen laguntzeko eta giza garapena sustatzeko". Bere iritziz, euskal herritarrek ahulenei laguntzeko aurrera eramaten duten nazioarteko elkartasun-ahalegina islatzen du.

Bere hitzaldian Fernando Fantovak baieztatu duenez, "gure helburua garapen-lankidetza gero eta profesionalagoa, dinamikoagoa eta partaidetza handiagokoa izatea da; euskal gizarteko gero eta eragile gehiago inplikatzeko gauza izan dadin, eta hegoaldeko herrialdeetan eragin handiagoa izan dezan".

Helburu horiek bat datoz Garapenerako Lankidetzaren Agentziak hartutako erronkekin. "Agentziak finantza-baliabideen arintasun eta optimizazio handiagoa ahalbidetuko du, eta koherentzia eta sendotasun handiagoa emango dio lankidetzaren arloko euskal politikari", zehaztu du sailburuordeak.

Joan den urtean Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak gauzatutako jardueraren zati handi baten jomuga Garapenean Lankide Izateko eta Laguntzeko Funtsak onartutako proiektuen jarraipena egitea izan zen. Proiektu horiek lau urteko iraupena izan dezakete gehienez. EAEtik garatzen diren nazioarteko elkartasuneko eta lankidetza publikoko ekimenak bideratzeko tresna nagusi gisa, Garapenean Lankide Izateko eta Laguntzeko Funtsan sartutako EAEko GGKEen proiektuek 30,85 milioi euroko aurrekontua izan zuten, eta kopuru hori aurreko ekitaldikoa baino 1,3 milioi handiagoa izan da.

95 PROIEKTU

Giza eskubideen errespetuaren eta genero-zeharkakotasunaren ikuspuntutik betiere, 2010ean EAEko GGKEen 95 proiektu onartu ziren. Agentziako zuzendariak zehaztu duenez, "proiektu horien %86 oinarrizko beharrizanak asetzera eta tokiko garapen ekonomikoa sustatzera zuzentzen dira, Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako herrialdeetan nagusiki". Sahara hegoaldeko Afrikara (Senegal eta Mozambike, batez ere) bideratutako proiektuetan aurrekontuaren %21,68 erabili da. Horrez gain, Palestinak eta Indiak jaso dute Eusko Jaurlaritzaren garapen lankidetzarako laguntzaren zati bat.

Emakumeak ahalduntzera bideratutako proiektuek baliabideen %20,8 jaso dute, Garapenean Lankide Izateko eta Laguntzeko Funtsak eskatutakoa baino bi aldiz gehiago (funts osoaren %10). "Esku-hartze estrategikoak dira, eta horien bidez berdintasunezko gizartearen eraikuntza sustatzen da toki horietan, non matxismoa eta genero-indarkeria ohikoak diren eta emakumeak kalteberatasun eta babesgabetasun egoeretan dauden", azpimarratu du Aresek.

Orain dela urtebete uhartea hondatu zuen lurrikara suntsitzailearen ondoren, Haiti izan da giza laguntzaren atalerako aurrekontuaren zati handi baten hartzailea. Guztira zortzi proiektu onartu ziren horretarako, honako xede hauekin: edateko ura banatzea eta edateko ura arazteko makinak ezartzea (Euskadiko Gurutze Gorria), haur eta emakumeen oinarrizko premiak estaltzea Port-au-Princen (UNICEF-Euskadiko Batzordea), eta mantak, elikagai kit-ak eta larrialdietarako eta osasun-materialeko kit-ak banatzea (IZAN GKE).

Horrez gain, larrialdi-ondorenerako jarduera-ildoak ezarri ziren (behin-behineko etxebizitzen eraikuntza, oinarrizko gizarte-azpiegituraren berreraikuntza eta abar), Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeekin lankidetzan. Guztira 1,2 milioi euro baino gehiagoko ekarpena egin zen.

"Eusko Jaurlaritzak irmo eusten dio Haiti bideragarri egiteko eta eraldatzeko Planean parte hartzeko eta uhartean epe ertain eta luzean jarraitzeko konpromisoari", adierazi du Agentziako arduradunak.

Azkenik, Marta Aresek gogoratu duenez, 2010. urteko deialdiari dagozkion konpromisoez gain, badaude 2006. urtetik indarrean dirauten 300 proiektu baino gehiago, oraindik betearazten ari direnak; izan ere, laguntza horiek arautzen dituen 34/2007 Dekretuak aurreikusten duen bi urteko luzapenaz baliatzen ari baitira. Proiektu horietako 49 giza laguntzakoak dira, 79 garapenerako hezkuntzakoak, eta 214 bekak eta bestelako laguntzak dira.