Eusko Jaurlaritzak 6.000 sari banatuko ditu txikizkako saltokietan 50 eta 100 euroko erosketa-txarteletan

Actualizado: jueves, 10 marzo 2011 14:02

BILBO, 10 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak "Compra aQtiva" delako plana jarri du martxan, eta martxoaren 14tik 26a arte erosketak egiten dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) txikizkako merkataritzako bezeroek beren leialtasunarengatiko saria jaso ahal izango dute. Gehienez 6.000 sari banatzea ahalbidetuko du planak, 50 eta 100 euroko erosketa-txarteletan, saria irabazi duten bezeroek saria jaso duten establezimenduetan beretan beste erosketa batzuk egiteko baliagarriak izango direnak.

Euskal merkataritza-sektorearen lehiakortasuna hobetzeko Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak azken urtean abiarazitako ekintzen multzoa osatzen du plan berriak. Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak eta Merkataritzako zuzendari Maite Valmasedak gaur aurkezturiko plana SPRIren laguntzarekin egingo da.

"Compra aQtiva" planaren helburu nagusia merkataritza-sektorean eskaria sustatzea da, eta, horrez gain, euskal kontsumitzailearen konfiantza-pertzepzioa ere indartu nahi da, bai eta nabarmendu eta ilusioa piztu ere. Era berean, bezeroak leial izatea nahi du, merkataritza-jarduera bultzatuz, eta merkataritza bikaineko Q-a ere balioetsi nahi du, EAEko merkataritzaren elementu bereizgarri gisa betiere.

Kanpainaren funtzionamendua honako hau izango da: notario aurrean EAEko txikizkako merkataritza-establezimenduen artean egindako zozketa bidez gehienez ere 6.000 sari banatuko dira 50 eta 100 euroko erosketa-txarteletan; zehazki, 50 euroko 2.000 erosketa-txartel eta 100 euroko 4.000 erosketa-txartel izango dira.

Notario aurrean hautaturiko 6.000 saltokiekin, sarien banaketa-bideak diseinatu dira. Behar bezala egiaztaturiko agente batzuk arduratuko dira sariak emateaz establezimendu bakoitzean une horretan kutxan ordainketa egiten ari den pertsonari. Saria lortzen duen pertsonak beste erosketa batean baliatu ahalko du zenbateko hori, betiere saltoki berean soil-soilik.

Sustapen honen lurralde-esparrua EAE osoa da. Merkataritza-garrantziaren araberakoa izango da sarien lurralde-banaketa: %50 Bizkaiarentzat, %35 Gipuzkoarentzat eta %15 Arabarentzat. Txartelen ematea martxoaren 14tik 26a arte egongo da indarrean, bi egun horiek barne.

Ekainaren 30era arte trukatu ahalko dituzte bezeroek erosketa-txartelak beste erosketa batekin. SPRIk erosketa-txartelaren balioa saltoki irabazleari ordaintzeko muga-eguna martxoaren 30a izango da.

Sustapen hau ezagutarazteko kanpaina bat diseinatu da hainbat hedabidetan, bi faseko kanpaina, hain zuzen ere: bata intriga-klabean, astearteaz geroztik abian dagoena, eta beste bat igandetik aurrera txertatuko dena, sustapena abiarazi aurretik. Gainera, kanpaina ezagutaraziko duten agenteek ibilgailu elektrikoak erabiliko dituzte EAEko kaleetan zehar.