Eusko Jaurlaritzak 97.000 euro emango dizkio Askabide elkarteari, sexu-esplotazioaren biktima diren emakumeak hartzeko

Actualizado: martes, 15 marzo 2011 18:19

GASTEIZ, 15 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Askabide elkarteari 97.000 euroko diru-laguntza zuzena ematea onartu du gaurko bileran, sexu-esplotaziorako salerosketen biktima izan diren emakumeei lehen mailako arreta emateko baliabideak kudea ditzan. Erakunde publikoen eta gizarte-ekimenezko erakundeen arteko lankidetza bultzatzeko ekimenetako bat da hau, biktima diren emakumeei elkarrekin laguntzeko, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak aurkeztu berri duen Protokoloan jasota dagoen moduan.

Herrizaingo Sailaren eta Askabide elkartearen arteko hitzarmenak bien arteko lankidetza egokia ezartzea izango du helburu, polizia txostenetik bideratuta, sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima izan diren emakumeei arreta osoa emateko.

Jaurlaritzaren arabera, sexu-esplotaziorako pertsonen salerosketak kezkatzeko moduko dimentsioak hartu ditu, eta fenomeno hori gizon-emakumeak merkantzia huts bihurtzeko modu lazgarrienetakoa eta giza eskubideak urratzeko modurik larrienetakoa da. Munduko hainbat tokitan emakumeek jasan behar izaten duten berdintasun ezaren erakusgarri da, eta genero indarkeriaren adierazpen argia. Beraz, erakundeen eta gizarte osoaren erantzuna eskatzen du, mekanismo eraginkorrak ezarrita emakume horiei behar bezalako laguntza eta babesa emateko, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere.

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak lantalde bat bultzatu zuen 2009. urtearen amaieran, prostituzio behartuaren auziari heldu eta sexu-esplotaziorako salerosketa jasan duten emakumeei genero indarkeriaren biktima gisa laguntzeko, eta pertsona ugari aritu dira bertan, hainbat erakundetako ordezkariak, jarduera-eremu publiko eta pribatu askotakoak, genero indarkeriaren biktimei laguntzeko eta horiek artatzeko arduradunak edota horrekin lotutakoak.

Horrela, poliziak (Ertzaintza, Polizia Nazionala eta Guardia Zibila), Gobernuaren Ordezkaritzaordetzak, Arabako Hiesaren Aurkako Batzordea, Munduko Medikuak elkartea eta lurralde historiko bakoitzean prostituzioaren alorrean lanean ari diren elkarteak (Gizarterako, Aukera eta Askabide) aritu dira lantaldean, besteak beste. Emakunde eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritza ere batu ziren geroago lantaldera.

Pertsonen desberdintasunen eta esklabotasunaren agerpen latz horri aurre egiteko zailtasunaz jabetuta, fenomenoak EAEn duen benetako eragina erakusteko datu fidagarririk dagoen jakin gabe abiatu ziren lantalde horretan, biktimen premiak, babesa eta lehen mailako arreta lehentasunezko ardatz bihurtuta.

PROTOKOLOA

Sexu-esplotaziorako Pertsonen Salerosketaren Biktimei Laguntzeko Koordinazio Protokoloaren Lehen Zirriborroa sortu da horrela (osatze eta gogoeta fasean dago), Espainian dauden atzerritarrek dituzten eskubide eta askatasunei buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoak ezartzen duena betetzeko.

Protokoloak honetan parte hartzen duten erakunde guztiak koordinatu eta jarduteko zirkuitu bat ezartzen du, salerosketaren biktimak birritan biktima ez bihurtzeko, eta Sexu-esplotaziorako Salerosketaren Biktimei Laguntzeko eta Arreta Osoa Emateko Errekurtso batek bete behar dituen baldintzak jasotzen ditu, biktimak sendatzeko arreta espezializatua jaso dezan eta bere etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko denbora izan dezan inguru seguru batean.