Eusko Jaurlaritzak antzezpen batzuk antolatu ditu, nerabeen artean mugikortasun segurua bultzatzeko

Actualizado: jueves, 30 enero 2014 13:51
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak "Norabide guztiak" izeneko antzezpenak antolatuko ditu, mugikortasunarekin zerikusia duten hainbat portaera arriskutsuari buruz hausnartzeko aukera emateko Euskadiko 1.000 ikasle ingururi udaberrira bitartean. Trafiko Zuzendaritzak urtero egiten dituen sentsibilizazio kanpainetako bat da "Norabide guztiak", mugikortasun segururako hezkuntza-programaren barruan.

   Garbiñe Saez Molinuevo Trafikoko zuzendariak azaldu duenez, "bideko segurtasunaren esparruan dugun estrategiaren bitartez mugikortasun seguruaren kultura berri bat sustatu nahi dugu, non pertsonen erantzukizuna eta autonomia prebentzioaren oinarria diren. Pertsonak, arduratsuak eta beren ekintzen jakitun direnean, egoera arriskutsuak hobeto prebenitzeko gauza dira".

   Horrela, DBHko ikasleentzako antolatuirko prestakuntza jarduera honen helburu hori dela adierazi du Saez Molinuevok, gazteak arduratsuago egitea, alegia. "Etorkizuneko gidariak dira, izan ere, eta hausnartu eta kontzientzia har dezaten lagun diezaiekegun guztia etorkizunerako onuragarria izango da", gaineratu du.

   Urtarrilaren 8an abiarazi zen programa Donostiako La Salle ikastetxean, eta Bilboko Jesuiten ikastetxean martxoaren 24an amaitzea aurreikusi da. Guztira, 35 antzezpen egingo dira DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleentzako kanpaina honetan. Iaz Euskadiko 1.200 ikaslek parte hartu zuten.

   "Norabide guztiak" antzerki pedagogiko parte hartzaileak haien ekintzen ondorio negatiboak ikusten lagunduko die ikasle nerabeei. Ikusleak eginkizun pasiboa du antzezpenaren hasieran, baina geroago antzezlanaren aktore eta egile bilakatuko da.

HIRU ATAL

   Antzezpenaren lehenengo atalak 35 eta 45 minutu arteko iraupena du, eta bideko segurtasunarekin lotutako ekintzei buruzko istorio bat kontatzen du: lagun talde bat jai bat prestatzen ari da, baina zoritxarreko amaiera izango du.

   Bigarren atalean, amaiera positiboa izateko kontakizunaren zein une alda daitekeen galdetzen dio moderatzaileak publikoari. Une horretatik aurrera, ikasleak istorioaren parte izatera igaroko dira, eta aktoreekin batera arituko dira iradokitzen diren aldaketak erakusteko lanean. Amaitzeko, hirugarren atalean, talde txikitan jarriko dira ikasleak, eta eguneroko errealitatearen egoera ezagunak aztertuko dituzte.

   Antzezpena euskaraz edo gaztelaniaz egingo da, eta parte hartzen duten irakasleek orientabide didaktikoen dokumentu bat jasoko dute amaieran, ikasgelan ere lan dezaten.

   Trafikoko zuzendariak azaldu duenez, "antzerkiaren formatu horri oso egoki deritzogu, errealitate negatibo bat beste positibo bat bihurtzeko aukera ematen baitio nerabeari, erabaki zuzenak hartuz soilik. Bide segurtasuna hobetzeko ezinbesteko tresna bat da arriskua hautematera eta saihestera bideratutako hezkuntza".