Eusko Jaurlaritzak EcoEuskadi 2020 Estrategia aurkeztuko du Garapen Iraunkorrari buruzko Bilera Iberoamerikarrean

Actualizado: viernes, 14 octubre 2011 13:38

BILBO, 14 Oct. (EUROPA PRESS) -

Euskadik Argentinan duen ordezkari Elvira Cortajarenak, Lehendakaritzako Koordinazio zuzendari Koldobike Uriartek eta Ihobeko zuzendari nagusi Fernando Barrenecheak osatzen duten Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak EcoEuskadi 2020 Garapen Iraunkorrari buruzko Euskal Estrategia aurkeztuko du urriaren 17tik 20ra btartean Sao Paulon (Brasil) egingo den Garapen Iraunkorrari buruzko Bilera Iberoamerikarrean.

Ekitaldian 1.200 biltzarkidek baino gehiagok hartuko dute parte, eta herrialde iberoamerikar guztien artean dagoen elkarrizketa eta eztabaida foro handiena da garapen iraunkorrari dagokionez. Datorren urtean Rio de Janeiron egingo den Lurraren Goi-bilera prestatzea izango du xede. Bertan, hainbat eragile publikok eta pribatuk esku hartuko dute, esaterako, gobernuek, enpresek, gobernuz kanpoko erakundeek eta herritarrek.

"Denen ustez, gure habitaterako nahi dugun bizi kalitatearen gaineko ikuspegia eta nahia batu, hitzartu eta konprometituko duen gobernantza eredu global batek soilik bermatuko du planetaren iraunkortasuna", azaldu dute Eusko Jaurlaritzatik.

Euskadik dituen erronkei aurre egiteko, Ecoeuskadi 2020k helburu estrategiko batzuk zehaztu ditu 2020rako, hala nola lehengaien eta baliabide naturalen urritasuna, egungo eredu energetikoaren agortzea, aldaketa klimatikoa, globalizazioa eta munduko lehiaren hazkundea, izaten ari den aldaketa demografiko sakona, gazteak lan merkatura sartzearen ezegonkortasuna eta lan merkatuaren azpiokupazioa, eta aldaketa etengabean dagoen gizarte bati erantsi beharreko balio berriak. Hala, 2020rako nahi den Euskadiri buruzko ikuspegia eta nahia batzera, hitzartzera eta konprometitzera animatu ditu herritarrak.

Jaurlaritzaren arabera, 5.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte Euskadi "garapen iraunkorraren abangoardian kokatzeko lehen harria jartzen, eta ekonomia berritzaile, lehiakor, ekoeraginkor eta irekiaren alde egin dute".

"Lortu nahi dugun gizartea integratzailea eta kohesionatua izan behar da enpleguan, hezkuntzan, prebentzioan eta solidaritatean, eta energia mendekotasuna gutxitu eta berotegi efektuko gasak eta aldaketa klimatikoaren efektuak arindu behar ditu. Lurraldeka antolatuko da garapen jasangarriko ereduan oinarrituta, eta hainbat balio beteko ditu: etengabeko ikaskuntza, lankidetza eta munduari irekitzea. Era berean, zorrotza izango da administrazio publiko berritzaile, eraginkor eta gardenarekin", azaldu dute.