Eusko Jaurlaritzak enplegu erregulazioko 52 espediente izapidetu zituen maiatzean, apirilean baino %25 gutxiago

Actualizado: viernes, 12 junio 2015 13:55

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak enplegu erregulazioko 52 espediente izapidetu zituen joan den maiatzean, hau da, apirilean baino %25 gutxiago eta 2014ko maiatzean baino %56 gutxiago. Espedienteok 303 langileri eragin zieten: 103ri kontratu etete gisa, 120ri lanaldi murrizketa moduan eta 80ri kontratu hutsalketagatik.

   Maiatzean izapidetutako 52 espedienteetatik, 34 (%65) lehenagoko baten jarraipena izan ziren eta 166 langileri eragin zieten, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

   Etendura espedienteak 23 izan ziren, lanaldia murriztekoak 26 eta hutsalketako espedienteak hiru. Eteteko espedienteek 103 langileri eragin zieten, aurreko urtean baino %79 gutxiagori, lanaldia murriztekoek 120ri (%-63) eta kontratu amaierakoek 80 langileri.

   Sektoreei begiratuta, maiatzean izapidetutako espedienteetako bi lehen sektorekoak izan ziren (%0,86), Gipuzkoan bata eta Bizkaian bestea. Espedienteen ehunekoa aurreko hiletakoaren tankerakoa izan zen eraikuntzan (%13), industrian (%39) zein zerbitzuetan (%47).

   Gaur egun, 6.025 langileri eragiten dieten 593 espediente daude indarrean, eta espediente horietatik 498 (5.120 langile barne hartzen dituztenak) aurreko baten jarraipena dira. Gehien kaltetutako eskualdeak Arabako Lautada, Bilbo Handia eta Donostialdea dira.