Eusko Jaurlaritzak enplegua erregulatzeko 14 espediente izapidetu zituen abuztuan

Actualizado: lunes, 21 septiembre 2015 13:05

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak enplegu erregulazioko 14 espediente izapidetu zituen joan den abuztuan, uztailean baino %75 gutxiago (56 izapidetu ziren uztailean) eta iazko abuztuan baino %69 gutxiago (45 izapidetu ziren). Abuztuko 14 espedienteek 163 langileri eragin zieten: 101i aldi baterako kontratu etete gisa, 48ri lanaldi murrizketa moduan eta 14ri kontratu hutsalketagatik.

   Halaber, Eusko Jaurlaritzak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, joan den abuztuan izapidetutako 14 espedienteetatik, zortzi (%57) lehenagoko baten jarraipena izan ziren eta 55 langileri (%34) eragin zieten.

   Abuztuan, etendura espedienteak zazpi izan ziren, lanaldia murriztekoak bost, eta hutsalketako espedienteak bi. Etendura espedienteek 101 langileri eragin zieten, iazko hilabete berean baino %18 gutxiagori (123 izan ziren orduan), lan jardunaldia murriztekoek, 48ri (%64ko beherakada), eta iraungitze espedienteek 14ri, iazko abuztuan baino %90 gutxiagori (134 izan ziren orduan).

   Sektoreka, abuztuan ez zen enplegua erregulatzeko espedienterik izapidetu Lehen sektorean: urteko metaketan, guztizkoaren % 0,62 izan dira halakoak. Espedienteen ehunekoa aurreko hilekoen tankerakoa izan zen Eraikuntzan (%15), Industrian (%40) eta Zerbitzuetan (%44).

   Egun, 539 etendura eta murrizketa espediente daude indarrean eta 5.668 langileri eragiten diete; horietatik 433 (%80) aurreko espediente baten jarraipena dira eta 4.700 langileri (%83) eragiten diete. Arabako Lautadan, Bilbo Handian eta Donostialdean izan zuten eragin handiena enplegua erregulatzeko espedienteak.