Eusko Jaurlaritzak espero du EAEn bizi diren 350.000 gazteen %30ek Gazte Txartel berria eskuratzea

Actualizado: jueves, 17 marzo 2011 15:12

GASTEIZ, 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak 'Gazte Txartela - European Youth Card' delakoaren etapa berria aurkeztu du Gasteizen. Helburu nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bizi diren 14 eta 29 urte bitarteko 350.000 gazteen %30ek Gazte Txartel berria eskuratzea da. "Goitik behera aldatu den" txartel bat da, eta BBK, Kutxa eta Vital Kutxan eskura daiteke, edo, bestela, Gazteaukera-ren interneteko atarian.

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Natxo Rodriguez Gazteriako zuzendariak, Ines Monguilot BBK-ko marketin-zuzendariarekin, Karmele Agirrezabala Kutxako marketin-zuzendariarekin, Juan Carlos Sanz Vital Kutxako produktuburuarekin eta Pedro Martínez de Alegria Euskal Herriko Aurrezki Kutxetako idazkari nagusi teknikoarekin batera aurkeztu dute 'Gazte-txartela - European Youth Card' txartel berria.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzaren nahia da Gazte Txartela "EAEko gazte guztien erreferentziako txartela" izatea. Horrenbestez, txartelaren titularren kopurua handitu nahi da, 14 eta 29 urte bitarteko 350.000 gazteen %30era heltzeko asmoz.

Gainera, haren erabilera eta garrantzia areagotuko duten abantailak, berritasunak eta proposamen erakargarria eskaini, produktua hobetuz gazteen joera eta beharrizan berriei erantzuna eman, eta entitate kolaboratzaileen sarea handitzea eta deskontu berriak lortu nahi da, txartelaren inguruan sare sozialen bitartez sor litekeen komunitatea ahaztu gabe.

Helburu horiei begira, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta BBK-k, Kutxak eta Vital Kutxak, 'Gazte-txartela - European Youth Card' programa modu esklusiboan garatu eta kudeatzeko. Lankidetza horren emaitza da, nagusiki, finantza-entitateek Gazte Txartela banatu eta emango dutela beren bulegoetan, txartelak berekin dakartzan baldintza eta abantailak hobeto ezagutzeko informazioaren berri eman, eta doako Istripu-aseguru bat eta erantzukizun zibileko aseguru bat eskainiko dietela erabiltzaileei.

'Gazte-txartela - European Youth Card' txartel berriak, itxura berrituaz gainera, deskontu, abantaila, lehiaketa, ekitaldi eta jardueraz beterik dator. Aurreko txartela bezala, Europan homologatuta dagoen EAEko txartel bakarra, European Youth Card Association (EYCA) elkartean barruan baitago.

Horri esker, euskal Gazte Txartelak eskaintzen dituen abantailez gainera, aukera dago Estatuko autonomia erkidegoetako gazte-txartelek eta EYCAri atxikita dauden Europako 38 herrialdeetako txartelek ematen dituzten abantailak ere erabiltzeko.

Gazte Txartelak bost euroko kostua du, hura emateagatiko kontzeptuan. 2011ko martxoaren 1ean jarriko da indarrean, eta 2015eko otsailaren 28an iraungiko da. Egun hori baino lehenago titularrak 30 urte betetzen baditu, urteak egiten dituen hilabete horren bukaeran iraungiko da txartela.

ABANTAILAK

Gazte Txartelaren abantailak ugari dira, eta 14 eta 29 bitarteko gazteak ditu helburu. Horrela, 2.000 inguru deskontu eskainiko ditu hainbat alorretako ondasun eta zerbitzuetan, alegia, kulturan, kiroletan, garraioan, ostatuetan, prestakuntzan, osasungintzan eta turismoan. Deskontu-bilatzaile bat dago, bilaketak errazago egiteko.

Gainera, erabiltzaileei urtero 'pack' bat oparituko zaie, hau da, behin bakarrik erabili beharreko deskontu-kupoiak dituen taloitegi bat, non mota guztietako kolaboratzaileak agertzen diren.

Halaber, lehiaketak eta zozketak egingo dira aldiro-aldiro, webgunearen bitartez, eta sari interesgarriak eskainiko, hala nola bidaiak, ekitaldietarako sarrerak, liburuak, teknologia eta abar.

Programaren abantaila horiez gain, Gazte Txartelak doako bidaia-seguru bat eskaintzen du, mundu osoan erabiltzeko baliagarria, automatikoki aktibatzen dena Gazte Txartela eskuratzearekin.

EAEtik kanpo ere abantailak eskainiko ditu: EYCA elkartearen barruan dagoenez, aukera ematen du Estatuko autonomia erkidegoetako gazte txartelek eta elkarte horri atxikita dauden Europako 38 herrialdeetako txartelek ematen dituzten 80.000tik gora abantaila ere erabiltzeko.

Halaber, Gazte Txartelaren etapa berriaren beste ezaugarri bat zozketa bat da. Zozketa horren bitartez, adinez nagusi diren sei gaztek Europan zehar bidaiatuko dute Interrail tren-txartelarekin, Gazte Txartela erabiliz ibilaldiko tokietan. Irabazleek egunero kontatuko dituzte zeintzuk abantaila lortu dituzten Gazte Txartelari esker, bai eta beren pasadizo, esperientzia, ikusitako tokiak eta gainerako gertakizunak ere.

Irabazleek beren bidaiaren kronika helarazi ahal izateko eta beraren berri eman ahal izateko, kazetari baten eta ikus-entzunezko teknikari baten kolaborazioa bilatuko da, berriemaile gisa jardun dezaten, zozketako protagonistekin batera bidaiatuz haien bizipenak eta gorabeherak erakusteko.