Eusko Jaurlaritzak eta EAEko abokatuen elkargoek etorkinei laguntza juridikoa emateko eredu berria adostu dute

Etorkinak obra batean lanean
EP
Actualizado: lunes, 4 abril 2011 14:57

BILBO, 4 Abr. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, Justizia Sailarekin eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako abokatuen elkargoekin batera, etorkinei atzerritartasun arloko aholkularitza juridikoa emateko eredu berria aurkeztu dute Bilbon. Ereduaren berritasun nagusietako bat behar duten etorkinei elkargoetako abokatuen laguntza ematea izango da.

Aurkezpen ekitaldian Miguel Gonzalez Eusko Jaurlaritzako Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko zuzendariak adierazi duenez, konplexutasun juridiko handiena duten kasuetan gai horretan espezialistak diren profesionalen laguntza jaso ahal izango da, "abokatuen elkargoek eta horien atzerritartasun-txanden sostenguak ematen duen bermearekin".

Zerbitzu hori eskuratzeko, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Immigrazio Zuzendaritzak doako telefono-zenbaki bat -900 840 126- jarri du interesdunen esku, non, gainera, aldi bereko itzulpen-zerbitzua ere izango duten. Zenbaki horren bidez kontsultak egin ahal izango dituzte sortzen zaizkien beharrizanei buruz.

Informazioa jasota, ezarritako baldintzak betetzen badira, Immigrazio Zuzendaritzak dagokion abokatuen elkargora bideratuko du kasua, atzerritartasun arloan espezialista den abokatu bat izendatu dezan. Abokatuak pertsonalki lagunduko dio eskatzaileari, eta izapideak egiteko edo baliabideak aurkezteko ahalmena izango du.

Baliabide hori abian egon den bi hilabeteetan Immigrazio Zuzendaritzak atzerritartasun arloko 450 kontsultari baino gehiagori erantzun die. Horietatik, ehun inguru bideratu dira zegozkien elkargoetara, eta gainerakoak zuzenean erantzun dira edo beste zerbitzua batzuetara helarazi dira.

Immigrazio Zuzendaritzaren beste zerbitzu bat -Biltzen- arduratzen ari da oinarrizko gizarte zerbitzuetako, enplegu-zerbitzuetako eta beste gizarte-erakundeetako profesionalei atzerritartasunaren arloko informazioa eta prestakuntza emateaz. Zerbitzu horrek esku hartzeko duen gaitasuna indartu eta hobetu nahi da, haren laguntza eskatzen duena atzerritarra denean eta arazo juridikoez galdetzen duenean.

Laguntza-sarea osatzeko, badaude hirugarren sektoreko beste sei erakunde, zeregin osagarria betetzen dutenak, "pertsonei modu integralagoan lagun eginez haien gizarteratze-prozesuetan", Gonzalezek adierazi duenez. Hirugarren sektoreko entitate horiek pertsonaren arazoei erantzun zabalagoa ematen diete, arlo juridikotik haratago.