Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk 2016-2019 aldirako kontratu programa sinatu dute

Uriarte eta Iturbe kontratu programa sinatzen
IREKIA
Actualizado: miércoles, 24 febrero 2016 13:47

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak 2016-2019 aldirako EiTBren kontratu programa berria sinatu dute asteazken honetan Bilbon. Kontratu programak EiTBk eskaintzen duen zerbitzu publikoaren deskribapena zehazten du.

   Gainera, kontratu berriak honako beste arlo hauek jasotzen ditu: zerbitzu horiek eskaintzeko hartzen dituen konpromisoak, EiTBk eta bere elkarteek bete beharreko helburu eta jarduerak, Eusko Jaurlaritzak EiTBren finantziaziorekiko dituen konpromisoak eta exekuzioaren kontrolerako mekanismoak. "Konpromiso zehatzak eta hauen jarraipena egin nahiz betetze maila ezagutzeko adierazleak jasotzen dituen finantziazio formula da", agerraldian adierazi dutenez.

   Hori guztia oinarri hartuta, Eusko Jaurlaritzaren eta EiTBren arteko kontratu programa berriak zerbitzu publikoaren kontzeptuan egiten du azpimarra, eta zerbitzu horren betebeharrak zeintzuk diren azaltzen du, hala nola kalitatezko informazioa bermatzea, errealitatea zintzo islatuko duten edukiekin, erreferentziazko informazio-iturrietan kontrastatua, edota euskara eta gizarte gero eta elebidunago bat sustatzea.

   Halaber, EiTBk euskal kulturaren zabalkundearekin eta kirolaren sustapenarekin duen konpromisoa ere jasotzen du kontratu programak, bai eta ikus-entzunezko industria sustatzea, gizartearentzako ekarri ekonomiko eta kulturalak sortaraziz itzuleran; kohesio sozialerako plataforma izatea; herritar guztientzako informazio gizartea sustatzea; euskal erakundeek onartutako Bake eta Bizikidetza Planarekiko konpromisoz jokatzea; normalizaziorako eta aurrerabiderako erakunde planen garapenean parte hartzea; eta aplikatu beharreko printzipiotzat hartzea Gobernu arduratsua, enpresa-gardentasuna eta gizartearen parte hartzea.