Eusko Jaurlaritzak eta Hernaniko Udalak hitzarmena sinatu dute bi erakundeen artean datuak on line trukatu ahal izateko

Actualizado: lunes, 15 febrero 2016 12:49

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak eta Hernaniko Udalak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute, informazio, administrazio eta kudeaketa elektronikoko zerbitzuak elkarri on line eskaintzeko. Bi erakundeek elkarreragingarritasuna hobetzeko lineako zerbitzuak eskaintzeko konpromisoa hartu dute, hau da, informazioa, datuak eta zerbitzu elektronikoak partekatuko dituzte.

   Hernaniko Udalarekin ez ezik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiekin, Bilbo, Donostia Gasteiz, Andoain, Irun, Barakaldo, Ermua eta Beasaingo udalekin eta Txorierriko Mankomunitatearekin ere sinatu du hitzarmena Eusko Jaurlaritzak.

   Erabiliko den elkarreragingarritasun sistemari esker, paperezko ziurtagirien eta gainerako agirien ordez, datuen transmisio elektronikoak erabiliko dira, partekatutako informazioaren benetakotasun, osotasun, isilekotasun, eskuragarritasun eta kontserbazio baldintzak bermatuta.

   Hala, sendoagoa izango da Eusko Jaurlaritzaren eta Hernaniko Udalaren arteko lankidetza, bi erakundeen artean informazio trukerako sistema eratuko baita eta, ondorioz, herritarrei datu ziurtapenak eskatu beharrik izan gabe egingo dira izapide administratiboak. "Beraz, herritarrek dagoeneko administrazio publikoen esku dauden datuak eta agiriak ez emateko daukaten eskubidea bermatuko dugu", azaldu dute Eusko Jaurlaritzatik.

   Hitzarmen honen bidez, Lakuako Gobernuak eta Hernaniko Udalak urrats bat gehiago eman dute Herritarrak Zerbitzu Publikoetara Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legea betetzeko. Horren arabera, administrazio publiko guztiek haiekin harremanetan jartzeko bide elektronikoak erabili ahal izatea bermatu eta beraien artean informazioa trukatu behar dute, herritarrek izapide administratiboak errazago egin ditzaten.

   Lankidetza hitzarmenak lau urteko iraunaldia du, urtez urte luza daiteke modu automatikoan, gehienez ere 15 urtez, eta ez du kostu ekonomikorik izango aldeentzat.

ONURAK

   Erakundeen arteko lankidetza honi esker, herritarrei eskainitako zerbitzua hobetuko da, administrazioen sistemen artean informazioa trukatuz. Asmoa da herritarrak ez daitezela ibili erakunde batetik bestera, batek jaulkitako agiriak bestean aurkeztu behar dituztelako edo erakunde bat baino gehiagoren aurrean eskaerak nahiz idatziak izapidetu behar dituztelako.

   Gainera, izapide eta prozedura administratiboak sinplifikatuko dira, izapide administratiboetan edo ziurtagiriak eskatzerakoan aurkeztu beharreko agiri kopurua murriztuko baita. Halaber, herritarrek ez dute jakin beharko administrazioek eskainitako zerbitzuen atzean datzan barruko tramitazioa, orain arte, batzuetan ezinbestekoa baitzen hori ezagutzea zenbait izapide egiteko.

   Bestalde, jardunbide administratiboaren eraginkortasuna areagotuko da lankidetzaren eta kooperazioaren bidez, eta, paperaren ordez agiri elektronikoak erabilita, paperezko agiriak jaulkitzeagatiko kostuak murriztuko dira, baita agiriok biltegiratzera bideratutako beharrezko espazioa ere.

   Halaber, truke elektronikoaren bidez datu zama arinduko da hartzailearen kudeaketa sistemetan, eta hartzaileen kudeaketa sistemen informazio zaman gerta daitezkeen akatsak ezabatuko dira, zama hori bera automatizatu egin baitaiteke.

   Eusko Jaurlaritzaren eta Hernaniko Udalaren ustez, "beharrezkoa da administrazio elektronikoa azkar eta modu eraginkorrean garatzea, herritarren eta administrazioen arteko harreman elektronikoak ahalbidetzeko".