Eusko Jaurlaritzak eta Petronor-Repsolek Oil&Gas sektoreko hornitzaileen plataforma sortuko dute

Actualizado: jueves, 3 septiembre 2015 17:00

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak eta Petronor-Repsoleko presidente Emiliano López Atxurrak hitzarmen marko bat sinatu dute Oil&Gas sektoreko hornitzaileen garapen plana abian jartzeko eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) eta Repsolen Teknologia Zentroaren (RTZ) arteko lankidetza markoa egituratzeko.

   Bi erakundeek uste dute Euskadiko sistema ekonomikoaren lehiakortasun sistemak "hobetzeko beharra" duela, eta horretarako, produktibitate ekonomikoa bermatu behar dela, "nazioartean erreferente den eta inguruko enpresa hornitzaileek osatzen duten sare industriala indartzen laguntzen duen industria jardueraren esparru berritzaile batean".

   Ildo horretatik, Jaurlaritzak eta Petronor-Repsolek lankidetza publiko-pribatua bultzatzeko konpromisoa adierazi dute, gizarte erantzukizuneko "tresna eraginkorra" delako eta enplegua eta produktu eta zerbitzu aurreratuak sortzen laguntzen duen ingurua eragiten duelako, Oil&Gas sektoreko enpresa hornitzaileei dagokienez.

   Euskadik Espezializazio Adimentsuko Estrategia (RIS3) dauka, Europar Batasunak babestua, eta industriaren garapenean lehentasunezko hiru arlo ezarri ditu: fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak. Horregatik, energiaren sektoreko hitzarmen honek Euskadiko industria osoaren beharrei eta interesei erantzuten diela adierazi dute.

   Hitzarmenak Oil&Gas sektorerako hornitzaile oso lehiakorren plataforma sortzeko konpromisoa biltzen du, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzak eta Petronorrek zenbait konpromiso hartu dituzte. Alde batetik, Euskadiko Oil&Gas sektoreko hornitzaileak eta hornitzaile potentzialak identifikatzuko dituzte; bestetik, hornitzaile bakoitzak sektorean lehiakor aritzeko duen gaitasuna balioztatuko dute; eta azkenik, hornitzaile potentzialei garatzeko plan bat definitzen eta ezartzen lagunduko diete, lehiakorragoak izan daitezen produktu edo zerbitzuari jakintza gehituta eta kudeaketa aurreraturantz abiatuta.

   Arlo horretan, Eusko Jaurlaritzak lehiakortasuna aztertzeko askotariko tresnak jarriko ditu enpresen esku, bai kudeaketaren alorrekoak (Innobidea-Kudeabide programa), bai teknologiaren alorrekoak (ZTBES).

   Bestalde, Petronorrek sektorearen beharrei eta etorkizuneko garapen-ildoei buruzko ezagutzak helaraziko dizkie enpresei, adituen laguntzaz. Halaber, produktu eta zerbitzu berritzaileak aztertzeko eta probatzeko konpromisoa hartu du. Enpresei emaitzen berri emango die, eta produktu edo zerbitzuak bideragarri egiteko hobekuntzak proposatuko dizkie. Hala, emaitzak egokiak direnean, merkaturatzeko erreferente eta preskriptore jardungo du.

LANKIDETZA MARKOA

   Eusko Jaurlaritzaren eta Petronor-Repsolen arteko hitzarmenaren helburuetako bat produktu eta zerbitzu berritzaileagoak eta aurreratuagoak lortzeko lankidetza markoa sortzea da. Hala, ZTBESek Repsolen teknologia zentroak bultzatutako proiektuetan parte hartzea aurreikusi da.

   Repsolen teknologia zentroak bultzatzen dituen garapen ildoetan "bazkide" izan daitezkeen eragileak identifikatuko dira gaitasun zientifiko-teknologikoen arabera, baita interes arloak ondo ezagutzen dituztelako zenbait proiektutan parte hartu ahal izango duten pertsonak ere.

   Hitzarmen hau gauzatzeko, zeregin bakoitzerako berariazko lantalde teknikoak sortuko dira, eta Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordetzak eta Industria Sailburuordetzak ere parte hartuko dute.