Eusko Jaurlaritzak euskararen biziberritze prozesua azalduko du Txilen

Biltzarraren kartela
Foto: EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: martes, 13 enero 2015 11:34
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

Euskadi herrialde gonbidatua da Txileko Hizkuntza Indigenen III. Biltzarrean

   BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak euskararen biziberritze prozesua azalduko du Txilen, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta Euskara Sustatzeko zuzendari Jokin Azkuek gaurtik izango duten bilera, hitzaldi, bisita eta hitzarmen sinaduraz beteriko agenda baten bidez. Aste guztia iraungo duten ekitaldietan, hizkuntza gutxituen biziberritzea izango da ardatz nagusia.

   Izan ere, Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Euskadi izango da herrialde gonbidatua Txileko Hizkuntza Indigenen III. Biltzarrean, eta Patxi Baztarrikak emango du sarrera hitzaldia. Halere, biltzarra hasi aurretik hainbat bisita eta hitzordu izango dute, jatorrizko hizkuntza indigenen berreskurapenean eta biziberritzean Txilen izaten ari diren esperientziak bertatik bertara ezagutu ahal izateko.

   Era berean, Euskadiko hizkuntza politikaren arduradunek CONADIrekin (Garapen Indigenarako Korporazioa) lankidetza hitzarmena sinatuko dute. Txileko Gizarte Garapenerako Ministerioaren baitako gobernu erakundea da CONADI.

   Euskal ordezkaritzak Txilen izango duen hitzordu zerrenda luzea astearte honetan hasiko da, La Araucanía eskualdean. CONADIren Kultura eta Hezkuntza Funtsak antolaturik, Baztarrika eta Azkue Temucon izango dira, "Jatorrizko hizkuntza indigenen biziberritze esperientziak" izenburupeko lan bileran parte hartzeko. CONADIren zuzendaritzako kideek iritziak eta esperientziak trukatuko dituzte Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin.

   Hau amaitutakoan, Galvarino komunara joango dira (hau ere La Araucanía eskualdean), mapudungun hizkuntzaren ofizialtzea komunitate horretan nola egin den bertatik bertara ezagutzeko. Mapudungun hizkuntza 2013tik da, gaztelaniarekin batera, Galvarinoko hizkuntza ofiziala. Egun, 9.100 maputxe inguru bizi dira komuna horretan.

   Hitzordu hauek guztiek "esangura berezia" dute Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak biziberritze prozesuan dauden hizkuntza komunitateekin ezarria duen lankidetza harremanen baitan, eta asteazkenean, urtarrilaren 14an, jarraipena izango dute.

   Santiago hiriburuan, eta Txileko Kongresu Nazionalean zehazki, hizkuntza indigenen biziberritzeari helduko zaio berriro. Oraingoan, aurretik aipaturikoez gain, lan bileran partaide izango dira Txileko parlamentarioak, Hezkuntza Ministerioko ordezkariak, eta haur eskolen sare eta fundazioetako arduradunak.

   Asteazkenean bertan, arratsaldez, Santiagoko Udaletxean izango da lan bilera, une honetan Txilen gauzatzen ari den lege proiektu bat aztertzeko: Txileko Jatorrizko Herrien Hizkuntza Eskubideen Lege proiektua, hain zuzen ere.

BILTZARRA

   "Muestra tu lengua al mundo" (Erakutsi zure hizkuntza munduaren aurrean) goiburupean, Txileko Hizkuntza Indigenen III. Biltzarra Santiago hiriburuan egingo da, ostegunean eta osiralean, urtarrilaren 15ean eta 16an. Euskadi izango da, eta beraz, euskara ere bai, biltzarraren edizio honetako gonbidatu berezia, eta Patxi Baztarrikak emango du topaketako hasiera hitzaldia eta euskararen normalizazio prozesuan izan diren gako nagusiak azalduko ditu.

   Bigarren egunean, berriz, Euskara Sustatzeko zuzendari Jokin Azkueren txanda izango da, eta bere hitzaldiaren izenburua, "Euskal Eskolaren esperientzia eta parte hartze soziala euskararen biziberritzean" izango da.

   Bi egunetan zehar, hizkuntza gaietako hainbat adituk, kultura eta hezkuntza eragileek, unibertsitate ikerlariek eta komunitate indigenetako ordezkariek esperientziak trukatu eta estrategiak adostuko dituzte, bi xede nagusirekin: Txileko hizkuntza politikan aldaketak eragiten jarraitzeko, eta elebakartasunetik eleaniztasunerako jauzia egiteko.

   Parte hartzaileak txiletarrak izango dira nagusiki, baina izango da Peru, Bolivia edo Argentinako aditurik ere, beste zenbait herritakoren artean. Nazioarteko biltzarra izango da, beraz, bere oihartzuna Hego Amerika osoan zabaltzeko asmoz burutuko dena.

   Txileko Herri Indigenen Hezkuntza eta Hizkuntza Eskubideen aldeko Sareak antolatu du biltzarra. Herrialde hartako gizarte zibil indigenak osatzen duen ekimen horretan, honako herri hauek dira partaide: aymara, kitxua, diaguita, rapa nui, kawesqar, likan antay, yagan, selknam eta maputxe herriak.

CONADI

   Biltzarra Eusko Jaurlaritzaren eta Txileko zenbait erakunde eta elkarteren arteko hitzarmenak sinatzeko abagunea ere izango da. Horrela, hauetan lehena ostiralean sinatuko da, CONADIrekin.

   Protokolo honi esker, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak laguntza teknikoa eskainiko dio CONADIri, besteak beste, honako gai hauetan: hizkuntza indigenen erabilera sustatzeko estrategiak eta neurriak ezartzen; irakasle, hezitzaile eta monitoreak gaitzen, testuinguru elebidunetan hizkuntzak irakats ditzaten; edo Hizkuntza Indigenen Akademiak sortzen eta sendotzen.

   Gainera, biltzarraren egunekin bat etorriz, HABEren eta Txileko hiru Euskal Etxeren arteko hitzarmena ere berrituko du Baztarrikak, alfabetatze eta berreuskalduntze erakundearen presidenteorde izenean. Hitzarmen hauen bidez, Eusko Jaurlaritzak herrialde honetako Euskal Etxeei hiru motako laguntza ematen die: batetik, diru laguntzak, euskara eskolak eman ditzaten; bestetik, ikasmaterial espezifikoa eskaintzen zaie; eta hirugarrenik, irakasleen hizkuntza prestakuntzaz eta trebakuntza didaktikoaz ere arduratzen da Jaurlaritza.