Eusko Jaurlaritzak hamar pertsonentzako lekua duen adingabeen zentro berri bat ireki du Aramaion (Araba)

Actualizado: lunes, 28 marzo 2011 16:47

GASTEIZ, 28 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak hamar pertsonentzako lekua duen adingabeen zentro berri bat ireki du Aramaion (araba). Instalazio berriak 2.880.801 euroko inbertsioa behar izan du eta gizarte-hezkuntzan, psikologian eta gizarte-lanean adituak diren 19 profesionalen ardurapean egongo dira adingabeak. Zentro berriarekin, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) dagoen plazen kopuru osoa 115 da eta horietatik sei asteburuko egonaldietarako dira.

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioko sailburu Idoia Mendiak inauguratu du gaur Aramaioko Txema Finez Gazteen Justiziako Heziketa Zentroa. Bertan, EAEko adingabeen epaitegiek ematen dituzten asteburuko barneratze eta egonaldi neurriak beteko dira.

Instalazio berria Aramaioko Eguzkierripa auzoan dago eta hamar adingabe hartzeko prestatuta dago. Adingabeak gizarte-hezkuntzan,

psikologian eta gizarte-lanean adituak diren 19 profesionalen ardurapean egongo dira.

Eraikin nagusiak 1.157 metro koadroko azalera erabilgarria du (1.358 metro koadro eraikita) eta horren banaketak okupazio-lantegiak, gimnasio, sukaldea, jantokia, ikuztegia, biltegiak, aldagelak, logelak, bainugelak eta gune administratiboa hartzen ditu. Halaber, esparruak 770 metro koadroko kirol anitzeko pista bat du, aparkaleku gisa ere erabiltzen dena, eta 266 metro koadro berotegi bat.

"Denok eduki beharko genuke bigarren aukerarako eskubidea eta

Administrazioaren eginbeharra da oztopoak kentzea eta baldintza materialak ezartzea hori posible egiteko. Eta, hain zuzen ere, horretan gaude, gaur, hemen, Aramaion inauguratzen dugun bezalako zentro bat martxan jartzen dugunean", adierazi du ekitaldian Idoia Mendiak.

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak adingabeentzako hamar heziketa-zentro eta egoitza kudeatzen ditu, Zumarragan (39 plaza), Arrazua Ubarrundian (16), Gasteizen (15), Aramaion (10) Ortuellan (7), Muskizen (6), Donostian (10, bi zentroetan banatuta), Bilbon (6) eta Portugaleten (6).