Eusko Jaurlaritzak Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen urteko biltzarrean parte hartuko du

Actualizado: miércoles, 20 febrero 2013 18:23

BILBO, 20 Feb. (EUROPA PRESS) -

Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrika buru dela, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat Bruselara abiatu da Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen (NPLD) urteko biltzarrean parte hartzeko ostegun honetan, otsailaren 21ean. Baztarrikak azken 20-30 urteetan euskarak gizartean izandako bilakaeraren berri emango du bertan.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Baztarrikarekin batera, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari Jorge Gimenez Bech eta Hizkuntza Politikako estandarizazio zerbitzuko buru Araceli Diaz de Lezana ere izango dira Bruselan.

Baztarrikak euskarak azken 20-30 urteetan gizartean izan duen bilakaera azalduko du, eta haren inguruan zer ondorio, erronka eta desafio nagusi dauden jakitera emango du. Izan ere, NPLDk Euskadiren kasua Europa mailan hizkuntza-plangintzaren arloan dauden kasu onenen artean jarri du, Irlandakoarekin batera.

Horrenbestez, Europako Batzordeko hainbat aditu eta Europako Parlamentuko zenbait kideren aurrean, biltzarrean elkartuko diren guztiek bertatik bertara ezagutuko dituzte hizkuntza-aniztasunaren benetako egoera, erronkak eta aukerak.

Baztarrikarenaz gain, beste agerraldi interesgarri batzuk ere izango dira, hala nola Colin Williams irakasle galestarrarena, François Alfonsi Europako Parlamentuko kidearena eta Kinga Gal ppolitikari hungariarrarena.

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sarea (NPLD) Sarea 2007aren bukaeran sortu zen. Bere helburua da hizkuntzaren esparruan jarduera onak partekatu eta elkarbanatzea sarean parte hartzen duten hizkuntza komunitateen artean, baita ideia berriak eta berritzaileak garatzea ere.

NPLD sareak honako hizkuntza hauek hartzen ditu barnean: galesa, bretoiera, katalana, estoniera, frisiera, Eskoziako gaelikoa, euskara, finlandiera, suediera, okzitaniera, lituaniera, kornuallesera, galegoa, irlandera, samia eta meankielia.