Eusko Jaurlaritzak landare inbaditzaile baten aurrerakadari aurre egiteko sarea bultzatuko du kostalde atlantikoan

Egoera ikuskatzeko bisita egin dute teknikariek Urdaibaira
IREKIA/EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: viernes, 25 noviembre 2011 13:13

BILBO, 25 Nov. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak Baccharis halimifolia landare inbaditzailearen aurrerakadari aurre egiteko sarea bultzatuko du kostalde atlantikoan.

Teknikariek bisita gidatua egin dute Urdaibaiko Biosferaren Erreserbara (Bizkaia), landare horrek benetan eragiten dituen kalteak ikusteko.

Inguru atlantikoan Baccharis halimifolia landarearen hedapena saihesteko gakoetako batzuk prebentzioa, herritarrak sentsibilizatzea, haren jokabideari buruzko informazioa ematea eta administrazioen arteko lankidetza estuagoa dira. Hala azaldu du gaur Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, "Natura 2000 sareko espezie inbaditzaileak" jardunaldian, Euskadiko Biodibertsitate zentroan, Busturian (Bizkaia).

Ingurumeneko sailburuorde Arantza Leturiondok inauguratutako jardunaldian bioaniztasunaren ehun bat aditu izan dira, bai eta udaletako eta bestelako administrazio publikoetako teknikariak ere. Landare horrek benetan eragiten dituen kalteak ikusteko, atzo bisita gidatua egin zuten Urdaibaiko Biosferaren Erreserbara.

"EAEko biodibertsitateari eragiten dioten espezie inbaditzaileetako asko lurralde mugakideetan ere ohikoak dira, eta askotan, inguruko herrialdeetan eta eskualdeetan dute jatorria. Arazo globala da, beraz, eta horregatik, erantzuna globala izan behar da", adierazi du Ingurumen sailburuordeak jardunaldiaren inaugurazioan.

Jardunaldiaren aurretik, joan den asteazkenean, Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate Zuzendaritzak bilera egin zuen Espainiako Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioarekin eta Arku Atlantikoko eskualdeetako gobernuekin (Galizia, Extremadura eta Frantzia).

Izan ere, Baccharis halimifolia landarearen egoeraren jarraipena egiteko eta informazioa trukatzeko epe luzeko sarea sortu dute landareagatik kaltetutako eskualdeek. Bilera horretan eskualde guztiek landare inbaditzaile horri aurre egiteko esperientziak azaldu zituzten.

Euskadiren kasuan, Ingurumen Sailak eta Ihobe sozietate publikoak arazoaren datu garrantzitsuenak, kaltetutako inguruak, ondorioak, desagerrarazteko erabilitako metodologia ohikoenak eta gauzatutako proiektuak jasotzen dituen txostena aurkeztu zuten.

Zehazki, Ingurumen Sailak eta Ihobek 1.860.000 eurorekin abian jarri duten "Life" proiektuaren bidez, Natura 2000 sarearen hiru tokitan (Urdaibain, Lea ibaiaren estuarioan eta Txingudiko paduretan), 300 hektarea baino gehiagotan, izurritea desagerrarazteko eta Europako zuzentarauek babestutako habitatak eta espezieak leheneratzeko gauzatzen ari diren jarduerak azaldu dituzte.

LANDARE INBADITZAILEA

Baccharis halimifolia Ipar Amerikako hego-ekialdeko kostaldeko zuhaixka bat da, eta Europara XIX. mendean ekarri zuten apaingarri gisa. Gazitasuna eta uholdeak ondo jasaten dituenez, azkar naturalizatu zen eta Europako kostalde atlantikotik hedatzen hasi zen. Egokitzeko gaitasun handia du, azkar hazten da (30-40 zentimetro urtean, lehen urteetan) eta ale eme bakoitzak hazi kopuru handia sortzen du (milioi eta erdi hazi baino gehiago). Horregatik, landare inbaditzaile bikaina da eta urtez urte inbaditutako eremua handitzen du.

Gehien kaltetutako eremuak Atlantikoko estuarioak eta padurak dira, eta jatorrizko landaredia, batez ere lezkadiak eta ihitzak, azkar ordezkatzen du. Sortzen duen sustrai sistemak lohiz betetzen ditu hezeguneak, eta horrek eragin zuzena du ekosistemen dinamika hidrikoan, hau da, paisaia eraldatzen du, eta estuarioen produktibitatea txikitzen du.

Espeziearen ondorioek hegaztiei ere eragiten diete, askok lezkadiak eta ihitzak, putzuz betetako edo ia betetako inguruak behar baitituzte elikatzeko, atseden hartzeko eta ugaltzeko.

Geografikoki, ondorio larrienak jasan dituen ingurua Europako arku atlantikoan dago, Bretainiatik Galiziara. Gune nabarmenenak Kantabriako, Euskal Autonomia Erkidegoko, Akitaniako eta Frantziako erdialdeko kostalde atlantikoko estuarioetan daude, eta horien mugakide diren eskualdeetan inbasioa hasiera faseetan dago.

1990eko hamarkadaren amaieratik eta 2000. urtetik aurrera, proiektu ugari gauzatu dituzte landare inbaditzaile horren eragina txikitzeko eta hedapena geldiarazteko. Bakoitzak emaitza batzuk lortu ditu eta askok landarearen hedapena geldiaraztea lortu dute, baina habitatak leheneratzea ere.