Eusko Jaurlaritzak PPren abstentzioarekin onartuko ditu 2017ko Aurrekontuak

Danborenea eta Azpiazu akordioa sinatzen
IREKIA
Actualizado: lunes, 20 marzo 2017 14:10

GASTEIZ, 20 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak akordioa sinatu du astelehen honetan PPrekin, eta, horri esker, alderdi popularra abstenitu egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 2017ko Aurrekontuen Proiektua Eusko Legebiltzarrean onartu ahal izateko. Abstentzioaren truke, PPk egindako eta 29 milioi eurotan zenbatetsitako aldaketak sartuko ditu Jaurlaritzak Aurrekontuetan (kontuen osotasunaren %0,26) eta zerga arloko konpromiso batzuk hartu dituzte.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak eta Anton Danborenea PPren Ekonomia arloko bozeramaileak sinatu dute akordioa, Gasteizen. Biek nabarmendu dute "albiste ona" eta itun "positiboa" dela.

Jaurlaritzak eta PPk sinaturiko ituna oinarrizko agiri bat da, eta ondoren, PPk 2017ko Aurrekontuen Proiektuan sartu nahi dituen zuzenketen inguruko akordio batean zehaztu beharko da. Zuzenketa horiek 29 milioi eurokoak dira, kontuen osoko zenbatekoaren %0,26 inguru, eta horien inguruko akordioa aste honetan lor dezakete bi aldeek.

Horrela, astelehen honetan sinaturiko akordioaren bitartez, PPk abstentzioa emango du Aurrekontuei buruz Eusko Legebiltzarrean egingo den bozketan, EAJren eta PSE-EEren koalizio gobernuaren Aurrekontu Proiektua onartzea ahalbidetuz, boto bakarra behar duelako Gasteizko Ganberan gehiengo osoa izateko.