Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak atzerriko inbertsioak biltzeko atal berri bat sortu du

Actualizado: lunes, 21 marzo 2011 18:39

BILBO, 21 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak atzerriko inbertsioak biltzeko sortu duen atal berria aurkeztuko du asteazkenean jendaurrean. "Invest in the Basque Country" du izena atal berriak, eta herrialde garatu guztietan dago horren baliokideren bat.

Inbertsioak sistematikoki eta profesionalki erakartzeko atal egituratu eta antolatu bat izango du horrela Eusko Jaurlaritzak. Orain arte lan hori ez da sistematikoki egin, baina hemendik aurrera, atal zehatz bat izango da laguntzak, inbertsioak eta beste arlo batzuk kudeatzeko, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko iturriek adierazi dutenez.

Zuzeneko atzerriko inbertsioa erakarriko duen politika ekonomiko aktiboa garatzeaz gain, politika zehatz bat abiaraziko da hemen instalatuta dauden atzerriko kapitaleko enpresei etengabeko arreta emateko, hemen heda eta zabal daitezen.

Guggengheim Bilbao Museoan egingo den asteazkeneko ekitaldian aurkeztuko da SPRIk kudeatuko duen atal berria. Ekitaldiko buru izango dira Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Bernabe Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua.

"Atzerriko inbertsioak erakartzeko prozesuak aldatzen ari den mundu batean" izeneko jardunaldian parte hartuko dute inbertsio fluxuen arloko mundu mailako aditu handienetako batek, alegia, Columbia Unibertsitateko Kart Sauvant irakasleak eta atzerriko inbertsioen sustapen eta atzemate esparruko agentzia garrantzitsuenek, hala nola Entreprise Rhône-Alpes Internacional (ERAI) eta Invest in Scotland.

"Invest in the Basque Country" estrategia Eusko Legebiltzarrak onartutako Enpresen Lehiakortasunerako 2010-2013 Planaren jarduera ildoetako bat da. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak nazioarteko bihurtzearen ardatz bezala ezarri du "eskualde erakargarriaren irudia proiektatzea inbertsioarentzat, talentuarentzat eta turismoarentzat".

Lehiakortasun Plan honen zutabe estrategikoetako bat nazioarteko bihurtzea da. Prozesu hori bi norabidetan ulertzen da: kanporantz eta barrurantz. Kanporantz zabaltzen da ohiko esportazio mekanismoen bidez edo gure enpresak atzerrian ezarriz, eta barrurantz hedatzen da atzerriko inbertsioak, talentuak, teknologia edo ezagutzak atzemanda.

400 ENPRESA BAINO GEHIAGO

Gaur egun atzerriko 400 enpresa baino gehiago daude Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) kokatuta eta enpresa ingurune horrek zenbait gauza eskaintzen dituzte, hala nola "oso klusterizatuta" dagoen ekonomia bat (14 kluster eta bost pre-kluster); ekonomiaren produktibotasun maila altua (%25); lan-eskuaren kualifikazio handia, atzerriko enpresek tokiko baliabideak kontrata ditzaten atzerriratuen sorkuntza saihestuz; kudeatzaile oso kualifikatuak, ospedunak eta lan-talde multinazionaletan integratzeko gaitasun handia dutela frogatu dutenak.

Halaber, tokiko enpresa oso profesionalizatuak eta teknikoki prestatuak, atzerriko inbertsiogileen tokiko 'partner' izan daitezkeenak; atzerriko enpresa gehienen eskakizunetarako behar adinakoak diren komunikazio egiturak edo biztanleriaren hezkuntza maila handia ere ahalbidetzen du ingurune horrek.

Gainera, I+G-ko langileen kostua txikixeagoa da, Europako herrialde aurreratuenetako batez bestekoarekin alderatuta, eta I+G-rako diru-laguntzak Europar Batasuneko (EB) herrialde aurreratuetako batez bestekoa baino hiru eta lau aldiz handiagoak dira.

Horiei gehitu behar zaie EAEk zerga araubide propioa daukala eta eraginkortasunez erabiltzen duela berrikuntzari laguntzeko, eta zerga sistema bereziak patenteei ematen dien tratamendu fiskala ere oso garrantzitsua dela, bai tratamendu hori aplikatzen zaion jabetza intelektualari dagokionez eta baita ere ematen duen salbuespen mailari dagokionez.

Azkenik, EAEn dago Europa osoko teknologia-elkartegien sare garrantzitsuena. Azken hamarkada honetan sare horrekin bat egin dute Ikerketa Kooperatiboko Zentroek (CIC) eta EAEn sustatutako Bikaintasunaren Oinarrizko Ikerketako Zentroek, nagusiki bio eta nanoteknologien esparruetakoek.