Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak eta Osakidetzak heriotza kasuetan jarduerak koordinatzeko akordioa sinatu dute

Actualizado: jueves, 17 febrero 2011 15:45

BILBO, 17 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak eta Osakidetzak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur heriotza kasuetan jarduerak koordinatzeko helburuarekin.

Maria Victoria Cinto Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuordeak eta Julian Perez Osakidetzako zuzendari nagusiak sinatu dute Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundearen (AMEE) eta Osakidetzaren arteko jarduera koordinatu baterako antolamendu-jarraibideak ezartzea helburu duen akordioa.

Koordinazio horren helburua da herri administrazioaren jokabide

eraginkorragoa eta gizalegezkoagoa izateko bide ematea hildakoaren familia eta ahaideen aurrean eta heriotzaren balizko sorburu kriminal bati buruz oinarririk ez duten susmoak saihestea.

Bere egunean Eusko Jaurlaritzako Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak sinatutako jarduera bateratu baterako akordioa eguneratzen du hitzarmen honek. Akordioaren ondorioz, Osakidetzak heriotza guztientzako ziurtagiri medikoak bideratuko ditu, indarkeriak sortutakoak edo kriminalitate susmopekoak direnak izan ezik.

Bitartean, AMEEk bere gain hartuko ditu indarkeriak sortutakoak edo kriminalitate susmopekoak diren guztiak. Prozedura Kriminalaren Legeak ezartzen du sumario horietan hilotzaren autopsia egingo dela, kanpoko ikuskapena eginda heriotzaren arrazoia zein den uste izan arren.

Hain zuzen ere, lankidetzarako hitzarmenak bi aldeen erantzukizun-esparruak jasotzen ditu lau kasutan: berezko heriotza ospitalez kanpoan; indarkeriak sortutako edo kriminalitate-susmopeko heriotza ospitalez kanpoan; berezko heriotza ospitaleko larrialdi zerbitzuan; indarkeriak sortutako edo kriminalitate-susmopeko heriotza ospitaleko

larrialdi zerbitzuan.

Halaber, heriotza indarkeriak sortutakoa dela susmatzen den kasu guztiak aginte judizialari jakinarazi behar zaizkiola ezartzen da, eta asistentzia medikoko taldeak indarkeria edo kriminalitate aztarnarik dauden zehazterakoan kontuan hartu behar dituen alderdiak adierazten dira.

Sinatutako akordioa hiru fasetan ezarriko da: lehenbizi Zaintza Intentsiboko Unitate ibiltarietan (martxoa arte), gero ospitaletako larrialdi zerbitzuetan (apiriletik ekaina arte) eta, azkenik, ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzuetan (uztailetik abendua arte).

Akordio honek, sinatzen denetik berehalako eraginak izango ditu, 2012ko abenduaren 31ra arte indarrean egongo da eta ezer adierazi gabe egutegiko urteka luzatuko da, bi alderdietakoren edozeinek berariaz bertan behera uzten ez badu. Indarrean dagoen bitartean, horren behar bezalako funtzionamendua aztertzeko eta sor daitezkeen interpretazio-arazoak eta gertakariak konpontzeko, sei pertsonek -alderdi bakoitzeko hiruk- osatutako Jarraipen Batzorde bat ezarri da.

EUROPAKO GOMENDIOA BETE

Horrela, Eusko Jaurlaritzak Europako Kontseiluak emandako gomendioa betetzen du. Horren arabera, ikerketa bat irekitzea dakarten auzitegiko medikuntzako autopsiak egin behar dira, beti ere epai-agindupean, berezko heriotza ez dela nabarmena denean edo horrela izateko susmoa dagoenean.

Bereziki, ondoren zerrendatzen direnetan egin behar da autopsia: giza hilketa edo giza hilketaren susmoa; bat-bateko edo ustekabeko heriotza, bularreko haurraren bat-bateko heriotza-sindromea barne; giza eskubideen edozein urraketa, tortura edo edozein tratu txarren motaren susmoa bezalakoa; nork bere buruaz beste egitea edo horren susmoa; mediku-praxi txarraren susmoa; zirkulazio, lan eta etxeko istripuak; laneko gaixotasun eta arriskuak; hondamendi teknologiko eta naturalak; heriotza atxiloketetan edo heriotza jarduera polizial edo militarretan; identifikatu gabeko gorpuak edo hezur-aztarnak.

Indarkeriazko heriotzaren kasuaz gain, autopsia judiziala justifikatuta dago ere bat-bateko heriotzetan eta heriotza-kausa ezagunik eta itxuraz gaixotasun larririk gabeko gazteen heriotzetan. Era berean, epaileak parte hartzeko eskatu dezake lanbide-gaixotasun susmorik edo intoxikazio zantzurik dagoenean.

Europako Kontseiluaren gomendio honek argi uzten ditu epaileak parte hartzeko arrazoiak eta, halaber, argitu egiten du epailearen agindua dela ikerketa hasten dena eta ez mediku edo zentro jakin batek eman dezakeen partea. Berezko heriotza baten arrazoia ez jakiteak ez dakar berez kasuaren judizializazioa; haren arrazoiaren diagnostiko zehatza ikerketa judizialean bigarren mailako elementu bat da eta bertan garrantzirik izango duen gauza bakarra heriotza sortzean edo heriotzarako bidean egon litekeen erantzukizunik izango da.

Horrela, berezko heriotzarengatiko AMEEko Patologia Zerbitzuetan autopsia egiteak baliabide material eta giza-baliabideetan egindako oso altutzat jotzen den eta interes mediko, legal edo judizialik ez duen inbertsioa arrazionalizatu nahi da EAEn; 2010ean, 957 heriotza judizializatu ziren eta horietako 496 berezkoak izan ziren.