Euskotrenek autobus zerbitzua aldatuko du Eibarren larunbatean, Eibar-Real Madril partida dela eta

Actualizado: viernes, 21 noviembre 2014 11:01

DONOSTIA, 21 Nov. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen Euskotren sozietate publikoak autobusen zerbitzua aldatuko du Eibarren (Gipuzkoa) larunbat honetan, azaroaren 22an, Eibar-Real Madrid partida dela eta.

Horrela, Euskotrenek jakinarazi duenez, larunbat eguerdiko 12:00etatik aurrera erdigunea oinezkoek bakarrik erabili ahal izango dute, larunbatetan ohikoa izaten dena baino hiru ordu lehenago, normalean 15:00etatik aurrera izaten baita.

Hori dela eta, Mallabia-Ondarroa eta Ermua-Azpeitia lineatan (zirkulazioak Ondarroarantz eta Azpeitirantz), behin Untzagako geralekua eginda, taxi geralekuen aurrean, autobusak Bilborako noranzkoan joango dira saihesbidera sartzeko Ermuko sarreran kokatuta dagoen biribilgunetik. Ondoren, Ondarroarantz edo Azpeitirantz jarraituko dute kasu bakoitzean, biribilgunean bertan biratuz.

Hori dela eta, 12:00etatik aurrera, Bidebarrietako geralekua kendu egingo da, Azitaingo geralekua kokapen berrira eramanez. Kontrako noranzkoan, Ondarroatik Mallabira eta Azpeititik Ermura doazen ibilbideetan, larunbatetako ohiko zerbitzua mantenduko da.

Bestalde, Udalbus hiri barruko autobus zerbitzua eguerdiko 12:00etatik aurrera kenduko da, eta Amañatik Azitainera irtengo den azken zerbitzuak 11:20an hasiko du ibilbidea. Kontrako noranzkoan, Azitainetik irtengo den azken zerbitzua 11:40an abiatuko da.

Informazio gehiago behar duten erabiltzaileek 902 543 210 informazio telefono zenbakia, Euskotrenen www.euskotren.es webgunea eta Twiterreko @euskotrenEJGV esteka erabil ditzakete.