EuskoTrenek bihar jarriko du abian tren zerbitzuen udako ordutegia

Actualizado: domingo, 19 junio 2011 13:23

BILBO, 19 Jun. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren esku dagoen EuskoTren sozietate publikoak tren zerbitzuen udako ordutegia jarriko du martxan bihar, ekainaren 20an. Udako garaia heltzen denean, EuskoTrenek eskaintza ezartzen du aldi horretako joan-etorrien beharrizanak betetzeko, konpainiako iturriek jakinarazi dutenez.

Horrela, ekainaren 25ean, Lasarte Oria-Donostia-Hendaia linean larunbat gaueko udako eskaintza hasiko da, eta horregatik zirkulazio aukerak bikoiztu egingo dira. Hain zuzen ere, ekainaren 25etik aurrera noranzko bietan larunbatero orduro ibiliko dira trenak (neguan ordu birik behin ibiltzen dira).

Bestalde, Zumaia eta Donostia (Amara) artean, larunbat, igande eta jaiegunetako arratsaldeko trenen eskaintza areagotu egingo da noranzko bietan eta zirkulazioak 30 minuturik behin egingo dira.

Halaber, Donostia (Amara) eta Errenteria artean, larunbat, igande eta jaiegunetako arratsaldeko maiztasuna zabaldu egingo da noranzko bietan. Horrek aukera emango du Errenteriarantz joateko Amara-Errenteria tartean 15 minuturik behin 15:15etik eta 21:15era bitartean zirkulazioak eskaintzeko eta 15:53tik 21:53ra bitartean Amararantz (Donostiarantz) joateko.

Gainera, Bilbo-Bermeo linean eskaintza handiagotuko da, bereziki larunbat, igande eta jaiegunetan. Horrek, aisialdia dela eta, Urdaibaiko herrialdeetara herritarrei garraio publikoan joan-etorriak erraztuko dizkie.

Hain zuzen ere, larunbat, igande eta jaiegunetan, EuskoTrenek maiztasuna areagotuko du, eta Bilbotik Bermeora 7:48 eta 19:18 bitartean zirkulazioak 30 minuturik behin izango dira (neguan maiztasuna ordurokoa da). Beste aldetik, aurkako noranzkoan, larunbat, igande eta jaiegunetako maiztasuna areagotuko da, eta Bermeotik Bilbora 8:48 eta 20:48 bitartean zirkulazioak 30 minuturik behin egingo ditu.

Informazio gehiago nahi izanez gero, geltokietan eta geralekuetan, Atxuriko eta Amarako Bezeroenganako Arreta Bulegoan, 902 543 210 telefono zenbakian eta www.euskotren.es web-orrian jaso daiteke.