Euskotrenek tren zerbitzuak indartuko ditu eta Bilboko tranbiarena aldatuko du astelehenean, San Tomas Azoka dela eta

Actualizado: jueves, 18 diciembre 2014 14:28

BILBO, 18 Dic. (EUROPA PRESS) -

Euskotrenek tren zerbitzuak indartuko ditu datorren astelehenean, abenduaren 22an, Bilbon ospatuko den San Tomas Azoka dela eta. Era berean, Bilboko tranbiaren zerbitzua aldatuko du azokak hirian sortaraziko dituen beharrizanei aurre egiteko, kontuan izanda Alde Zaharrean sortzen den jende pilaketa, Euskotrenek jakinarazi duenez.

Horrela, tren zerbitzu bereziek lanegunetako ohiko trenak indartuko dituzte. Bilbo-Ermua linean, zerbitzuaren hasieratik eguerdira arte zerbitzu erregularrak indartuko dira, eta trenak bi noranzkoetan 30 minuturo ibiliko dira. Ermutik lehenengo irteera 06:21ean izango da, eta Bilbotik 06:00etan.

Bilbo-Bermeo lineari dagokionez, eguneko zerbitzua tren bereziekin indartuko da, eta zirkulazioak 30 minuturik behin egongo dira. Bermeotik lehen irteera 06:48an izango da, eta Atxuritik 06:19an. Bi noranzkoetan zenbait zerbitzu erregular kentzea beharrezko izango da: 09:30ean, 10:30ean eta 11:30ean Atxuritik Zornotza Geralekura irteten direnak eta 10:04an, 11:04an eta 12:04an Zornotza Geralekutik Atxurira irteten direnak.

Halaber, Zazpi Kaleak-Lezama linean lanegunetako ohiko eskaintza mantenduko da, eta horrela, egun osoan zehar 30 minuturik behin izango dira trenak.

Tranbiari dagokionez, lanegunetako ohiko zerbitzua 10:28ra arte mantenduko da, gutxi gorabehera, Atxuri-Casilla artean. Goizeko 10:40tik aurrera, tranbia 12 minuturik behin ibiliko da Atxuri-Arriaga artean, eta 10:46tik aurrera, hamar minuturik behin Pio Baroja-Casilla artean.

Halaber, 10:11tik aurrera, tranbia hamar minuturik behin ibiliko da Casilla-Pio Baroja artean, eta 10:46tik aurrera, 12 minuturik behin Arriaga-Atxuri artean. Azkenik, 20:28tik (Atxuri) eta 20:01etik (Casilla) tranbia ohiko ordutegira itzuliko da, zerbitzua berrezarriz.

Informazio gehiago behar duten erabiltzaileek, EuskoTrenen 902 543 210 informazio telefono zenbakia erabilgarri izango dute. Horrez gain, geltokietan eta geralekuetan informazioa eskatu daiteke, eta www.euskotren.es webgunean eta @euskotrenEJGV Twitter helbidean ere jaso daiteke.