Expodistrito programako bost erakusketa ibiltari berri izango dira bihartik Bilboko udaltegietan

Modesto Velazquezen margoetako bat
MODESTO VELAZQUEZ/BILBOKO UDALA
Actualizado: jueves, 31 marzo 2011 19:42

BILBO, 31 Mar. (EUROPA PRESS) -

Expodistrito Bilboko barrutietako udaltegietan antolatzen den aldi baterako erakusketen zikloak urteko bigarren hiruhilekoko egitaraua inauguratuko du bihar. Oraingoan, Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko eta Burtsako (Zazpi Kaleak) udaltegietara hurbiltzen direnek, bost erakusketa ibiltariz gozatzeko aukera izango dute ekaina amaitu bitartean: lau pintura eta marrazketa erakusketa eta argazki erakusketa bat.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da Expodistrito, eta bere helburuen artean hiriko arte-adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea daude, bai eta jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere. Ohikoa denez, erakusketak leku batetik bestera joango dira, eta erakusketa bakoitzaren egun zehatzak udaltegietan, www.bilbao.net webgunean eta 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.

Horrela, programaren arduradunek adierazi dutenez, pintura eta marrazkia Javier Etxebarria, Modesto Velazquez eta Cecilio Aguirre artisten eta Bizkaiko Arte Elkartearen eskutik helduko dira. Bizkaiko Arte Elkarteak, bere kide azpimarragarrienetako batzuek olioan eta akuarelan egindako zenbait lan aukeratu ditu programa honetarako.

"Arratia margolaria" izenez ezaguna den Javier Etxebarria oso gazte hasi zen marrazten, margotzen eta egurra lantzen. Heldutasunean, eta zenbait urteko ikasketa akademikoaren ondoren, estilo figuratibotik abstraktura pasatu zen, eta handik berehala, itxuraz bere benetako bokazioa den surrealismora. Bere lanen erakusketa apirilaren 20a arte egongo da zabalik, Castañoseko Udaltegian lehenengo.

Halaber, Cecilio Agirreren erakusketak luma-muturrez egindako marrazkiak jasotzen ditu. Lan horien bitartez, egileak Bilboko eraikin esanguratsuenetako batzuk eta Bizkaiko zenbait baserri eta leku islatu nahi izan ditu. San Frantziskoko Udaltegia izango da erakusketa hau jasoko duen lehenengoa, apirilaren 4tik 20ra.

Bestalde, Modesto Velazquez margolari autodidakta da, eta mihisearen azaleran oinez egiten du, margolan bakoitzak ematen dion abenturaren bila. Bere erakusketak, egileak Diego Velazquez handiaren pintura lan zabalari "keinu apal" gisa egindako zenbait lan velazqueztar jasotzen ditu. Erakusketa bitxi hori Abando-Barrainkuako Udaltegian bisitatu ahal izango da lehenengo, apirilaren 20a arte.

Azkenik, argazkigintzak ere izango du bere lekua hiruhileko honetako Expodistritoren programazioaren barruan. Oraingo honetan, Leo Simoes artistaren "Abentura bestearekin" izeneko bilduma pertsonalaren eskutik etorriko da. Erakusketak BBK Fundazioaren laguntza du. Leo Simoes iurretarrak zenbait erakusketa egin ditu banaka eta taldean. Gaur egun zenbait argazki proiektu ari da garatzen eta, horrez gain, zenbait tailer ematen, zuzentzen eta koordinatzen ditu. Erakusketa hori bihartik aurrera ikusi ahal izango da San Inazioko Udaltegian, apirilaren 20a arte.