Expodistrito zikloak bederatzi erakusketa eramango ditu Bilboko barrutietara martxoaren 31ra arte

Owen Masekoren lanak izango dira ikusgai Expodistrito zikloan
Owen Maseko/Bilboko Udala
Actualizado: jueves, 5 enero 2012 13:03

BILBO, 5 Ene. (EUROPA PRESS) -

Expodistrito Bilboko aldi baterako erakusketa zikloak urtarrilaren 9an inauguratuko du 2012ko lehen hiruhilekorako programa. Martxoaren 31ra arte, Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko eta Burtsa-Ibaiondoko udaltegietara hurbiltzen diren bilbotarrek, zazpi pintura, eskultura eta argazki erakusketa eta Otxarkoagaren eta Begoñaren historiari atzerako begirada ematea proposatzen duten beste bi erakusketez gozatu ahal izango dute.

"Expodistrito" egitaraua, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta bere helburuen artean hiribilduko arte adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea daude, eta baita jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere. Ohikoa denez, erakusketak zazpi udaltegietatik txandakatzen joango dira.

Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, Afrikako errealitatea da urtarrilaren 9an inauguratuko diren bi proposamenen ardatza. Hilaren amaierara arte San Inazio-Ibarrekolandako Udaltegian izango da ikusgai Owen Maseko artistaren "Pintura de Zimbabue" erakusketa. Halaber, Kinshasa hiri afrikarra izango da Txelu Angoitiaren argazki erakusketaren eszenatokia; argazkilariak, malariak gizartean dituen ondorioak eta ondorio ekonomikoak islatu nahi ditu bere lanean.

Datorren astean inauguratuko diren erakusketen artean, Monica Aldanak Begoñako Udaltegian aurkeztuko duen argazki erakusketa dago. Samurtasunez betetako umeen erretratuen bilduma bat erakutsiko du. Halaber, hainbat teknika erabiliz egindako natura hilak, hirietako paisaiak edo irudimenezko paisaiak izango dira Javier Diaz eta Concha Barriuso artistek Burtsa-Ibaiondoko Udaltegian aurkeztuko duten lana.