Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa abian da Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean

Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa
EHU
Actualizado: viernes, 24 marzo 2017 12:37

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), SPRI Taldeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) kokaturiko aeronautikako eta makina-erremintako 39 enpresak Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa jarri dute martxan Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean, Zamudion. Proiektuak zazpi urteko epea du, eta 16 milioi eurotik gorako inbertsioa, hasierako inbertsioaren eta urteko gastuaren artean.

Egitasmo publiko-pribatu honi esker, EHUk industria prozesuen arloan ikertu ahalko du, eta emaitza horiek zuzenean enpresei transferitu. Zentroak, oro har, motor aeronautikoaren osagaiak fabrikatzeko prozesu aurreratuak landuko ditu.

"Aeronautika sektoreak hazteko aukera izugarriak ditu, eta fabrikatzea funtsezkoa da kontratuak betetzen jarraitzeko. Eta fabrikazioaren barruan sartzen dira metalezko aleazio oso aurreratuetan eraldatzeko prozesuak, esaterako, termoerresistenteetan eta titaniozkoetan", Norberto López de Lacalle Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroko zuzendariak eta EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasleak azaldu duenez.

Gainera, López de Lacalleren hitzetan, "prozesuotan behar-beharrezkoa da seguru aritzea eta osagaiek akatsik ez izatea; horregatik, ikuskapen teknikak erabili behar dira, eta ekoizteko metodoak hobetu. Erabiltzen diren baliabideak edo makinak ezinbestekoak dira; hori dela eta, makina-erremintaren euskal sektorea oso presente dago".

Zentroaren zuzendariak azaldu du ITP S.A., WEC eta Danobat enpresek eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2013 inguruan lehenengo ideiak partekatu zituztela, eta Eusko Jaurlaritzak proiektua bere egin zuela 2013aren bukaeran, fabrikazio aurreratuko bere estrategian txertatuz. Ordutik, unibertsitateak, beste enpresa batzuek eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak egitasmoarekin bat egin dute.

Halaber, ziurtatu du zentroari proiektuak agintzen dizkion enpresa elkartea, ITP S.A .eta Danobat buru dituena, "behar-beharrezkoa" dela zentroa arrakastatsua izan dadin. "Ez dira bezero soil bat. Bene-benetako bidaideak dira, haiekin batera eta ez bakarrik haientzat ikertzen den zentro honetan. Elkarte horretako lider eta teknikariak unibertsitatearekin lortzen ari diren konfiantza da orain arteko ezusteko atseginenetako bat", esan du.

Mota honetako zentroen erreferentea Erresuma Batuko Catapult da, I+G+B eta fabrikazio aurreratua lantzeko enpresa eta unibertsitateak biltzen dituen programa. López de Lacalleren hitzetan, Britainia Handian unibertsitateek "eraginkortasun handia" erakutsi dute fabrikazio prozesuetan ikertzeari eta emaitzak zuzenean enpresei transferitzeari dagokionez, eta ez du zalantzarik hemen ere funtziona dezakeela.

LAU ZUTABE

Unibertsitatean, berez, giza aurrerabidearen lau zutabeak uztartzen direla zehaztu du, hots, ikerkuntza, prestakuntza, transferentzia eta gaztetasuna. Halaber, batzuetan, ekuazio horretan gaztetasuna ahaztu egiten dela adierazi du, baina "oso garrantzitsua" dela azpimarratu du, "ikertzaile gazteak indarra eta grina daukalako, eta egunez egun gaitasun handiagoa edozein motatako teknologia eta trebetasunetarako".

Zentroan EHUko langileak aritzen dira egunero, trebatzen ari diren ikertzaile gazteekin, irakasleekin eta 39 enpresetako langileekin batera. López de Lacallek azaldu du unibertsitateak "I+G arloan duen ahalmen handia" ekartzen duela, eta enpresek, berriz, "ikuspegi praktikoa, baliabideak eta probako piezak".

"Gainera, enpresek emaitza praktikoak behar dituzte euren emaitza kontuetan eta euskal BPGan eragiteko. Dudarik gabe, proiektuetarako jartzen den euro bakoitzak izugarri areagotuko du inbertsioa. Prozesuaren kostuetan aurreztuz gero, ustiapen kontua hobetuko da, eta, hala, lanpostuak eta inbertsioak ugarituko dira. Zentroaren elkarteko enpresek, zentroaren emaitzez baliatuta, itzulkin sozial eta ekonomikoa ekarriko dute, eta Unibertsitateak aurrera egingo du ikerkuntzaren eta prestakuntzaren esparruan", azaldu du.