Fabrikazio aurreratuko politikak hobetzeko europar proiektu baten buru da EAE

Fabrikazio aurreratiko europar proiektu baten buru da EAE
INNOBASQUE
Actualizado: viernes, 7 abril 2017 13:03

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Europako Batzordeak fabrikazio aurreratuaren inguruan garaturiko berrikuntza politiken eraginkortasuna hobetzeko proiektu bat jarri du martxan, milioi bat euroko hornidurarekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) da proiektuaren buru, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren eskutik eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, eta Gales, Piemonte eta Lituaniako gobernuekin batera.

Manumix Interreg Europe izeneko proiektuak lau urteko iraupena du (2017-2020), eta fabrikazio aurreratuaren eremuan eskualde programen ebaluazio mekanismoak indartzea eta hobetzea du helburu. Horrela, sinergiak aprobetxatu nahi dira eta, aldi berean, egon daitezkeen gainjartzeak saihestu, Innobasquek prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Eusko Jaurlaritzak bere egin ditu behar edo premia horiek eta era aktiboan parte hartuko du proiektuan, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren Sailaren bidez. "Honela, Euskadik bat egiten du Europako joerarekin, OCDEk bere zientzia, teknologia eta berrikuntzaren azken txostenean adierazten duen bezala, ebaluazio mekanismoak bilatu nahi baititu berrikuntza politiketarako", adierazi du.

Eskualdeen arteko lankidetza-proiektu hau EAEn I+G+B politiken eraginkortasuna hobetzeko martxan jarritako neurrien artean dago. Industriaren pisua BPGren %25eraino gehitzera zuzenduta daude politika horiek. Gaur egun, sektore hau euskal BPGren %20,1era iristen da, eta datu horrek "puntako eskualdeetako bat" bihurtzen du.

ORKESTRA

Duela gutxi martxan jarritako proiektuak Orkestra Lehiakortasunaren Euskal Institutuaren aholkularitza du. Orkestrak proiektuaren buru diren Europako lau eskualdeetan fabrikazio aurreratuko politiken abiapuntuko analisia egingo du.

Hortik aurrera, bi fase izango dira. Lehenengoa bi urtekoa izango da, eta bazkideek baterako ikaskuntza prozesua gauzatuko dute, bai fabrikazio aurreratuari loturiko I+G+B tresnei buruz, bai ebaluazio mekanismoei buruz, eta parte hartzen duen eskualde bakoitzaren ekintza plan baten lanketaz burutuko da. Ondoren, bigarren fasea etorriko da, 2019an eta 2020an, eta zehazturiko planak martxan jarriko dira.

Modu honetan, inplikaturiko eragileek, eskualdeetako gobernuek zein euren berrikuntza agentziek, bildu eta hainbat jardunaldi egingo dituzte helburu hauetan aurrera egiteko. Biltzar horietako lehena Bilbon izango da, maiatzaren 17, 18 eta 19an, eta fabrikazio aurreratuan puntakoak diren 35 eskualde baino gehiagoren 80 ordezkari inguruk parte hartuko dute.