Fagorren lanpostuak eta kalitatezko enplegua hobesten dituela berretsi du Gipuzkoako Aldundiak

Fagorreko kamioiak
Europa Press
Actualizado: miércoles, 23 julio 2014 14:23

DONOSTIA, 23 Jul. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi du ahalik eta lanpostu gehien mantentzea, lanpostu horiek iraunkorrak eta kalitatezkoak izatea eta enpresaren erabakiguneak, ahal den neurrian, Euskal Herrian geratzea direla bere hiru lehentasunak, Cata eta Cevital enpresek Fagorrerako egindako eskaintzak direla eta.

"Hiru baldintza horiek ondoen betetzen dituen eskaintza izango da Fagorrentzat, Deba Goienarentzat eta Gipuzkoarentzat onena", adierazi du foru erakundeak ohar batean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak esan du lanean ari dela Fagorri "ahalik eta irtenbiderik onena emateko", eta lan hori "zuhurtziaz" egiten ari dela. "Foru Aldundi honek ez du itxaropen faltsurik sortu nahi, ez dabil titular bila komunikabideetan; seriotasunez eta arduraz lanean ari da, Fagorreko kooperatibista eta langile guztien eta Deba Goiena osoko ehun industrialaren alde, eta berdin jarraituko du aurrerantzean ere", azaldu du.

Epaileak behin betiko erabakia hartutakoan, Fagorren aktiboen eroslearekin elkartuko da Gipuzkoako Foru Aldundia, egitasmoari jarraipena egiten hasteko.