FANT 21ek kultur eta aisialdiko jarduerak antolatu ditu

Ander Pardok master class bat emango du
Foto: FANT
Actualizado: lunes, 20 abril 2015 12:52

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

   FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoa maiatzaren 8an hasiko da, zine programazio anitz, erakargarri eta kalitatezkoarekin, eta, aurreko edizioetan bezala, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, bertako beste eragile batzuekin elkarlanean, familia osoari zuzendutako kultur eta aisialdiko jarduerak antolatu ditu, herritar guztiak zinemaldiaren fantasiazko giroan murgildu daitezen, baita zine aretoetatik kanpo ere.

   Horrela, Camu Martinho artista asturiar polifazetikoaren marrazkien erakusketa bat izango da La Bolsa udal zentroan. Bizitza guztia beretzat marrazten aritu ondoren, artista asturiarra zenbait argitalpen eta talde erakusketetan laguntzen eta parte hartzen hasi zen, bere lehenengo bakarkako erakusketa den honetara heldu arte.

   "The Drawing Collection" erakusketak, zuri beltzean tintaz egindako lanak ditu. Eragin anitzak hauteman daitezke, hala nola zinea, musika eta pintura. Artistak ahalegina egiten du gizakia inguratzen duten ohiko sentimenduak islatzeko, besteak beste, beldurra, tristura, bakardadea, isolamendua eta amorrua. Erakusketa maiatzaren 4tik 16ra egongo da zabalik.

   Halabewr, FNACen Julián Lara zine zuzendari sevillarraren "Welcome to Hollywood" liburua aurkeztuko da maiatzaren 7an, arratsaldeko 19:00etan. Larak AEBetan izandako esperientziak bildu ditu liburuan, eta, umorez eta espiritu positiboz, kritika egiten dio zine munduari, Hollywooden egin zituen hiru urteetan egunero bere burua berrasmatu behar izan zuen pertsonaren esperientzian oinarrituta.

   Julián Lara ezaguna da, beste gauza batzuen artean, zine munduko hainbat jaitan baimen barik sartzea lortu zuelako. Hori dela eta, Spielberg, George Lucas edo Guillermo del Toro bezalako zinemagileak ezagutu zituen. Liburuak Santiago Seguraren hitzaurrea eta Alex de la Iglesiaren epilogoa ditu.

FANT MENUA

   Beste alde batetik, eta aurreko edizioetan bezala, indarrak berreskuratzeko eta emanaldien erritmoa jarraitu ahal izateko, San Mames Zumardiko 6 zenbakian dagoen Kazeta jatetxeak "odolez betetako menu berezi fantastiko bikaina" eskainiko du, 12,50 euroren truke. Sukaldariaren proposamenean, "begi odoleztatu entsalada" edo "zonbi barrunbeak euren harrekin", "hilkutxa ustela" edo "estralurtarraren begi handia" bezalako jaki erakargarriak jasotzen dira, guztiak bere "ardandegietako zezen odolez bustiak".

   Halaber, Kale Nagusiko BBK Aretoan "FANT Pandilla" saioa amaitzean egingo den PreFANT jaia hartuko du Kazeta jatetxea maiatzaren 2an. "FANT Pandilla" saioan, 1980ko hamarkadako bi film klasiko eskainiko dira: "Bitelchus" eta "Cazafantasmas". Sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

   Beste alde batetik, Azkuna zentrotik gertu dagoen El Muro tabernak ere bat egingo du jaialdiarekin. FANT 21eko ikus-entzule guztien ezinbesteko topaleku bilakatuko da, zine emanaldiak amaitu ondoren, sarrerarekin hurbiltzen diren jarraitzaileentzat beherapenak eskainiko baititu.

PROFESIONALENTZAT

   Azkenik, FANT zinemaldiaren 21. edizioak profesionalentzako topaleku ere izan nahi du eta, horrela, bi saio antolatu ditu Ander Pardo antzezlearekin eta Pedro Rivero zuzendariarekin.

   Ander Pardo ezaguna da pertsonaia beldurgarriak, makerrak edo munstro itxurakoak antzezten dituelako. Lan horiek egiteko hainbat karakterizazio ordu behar izaten da aurretik. Hori dela eta, maiatzaren 15ean, goizeko 11:30etan, Azkuna zentroko Bastida aretoan, pertsonaia fantastikoen protesi azpiko antzezpenari buruzko master class bat eskainiko du.

   Ordubete eta erdiko saioan, ohiko antzezpenaren eta protesi azpian egiten denaren arteko aldeak azalduko ditu, anekdotak kontatuko ditu, makillaje saioen argazkiak eta bideoak ekarriko ditu eta film laburretan egin dituen lan batzuen zatiak eskainiko ditu. Master class hori doakoa izango da, baina aurretik izena eman beharko da fanteskola@fantbilbao.net helbidean.

   Bestalde, "Sangre de unicornio" animazioko film laburrari esker aurtengo Goya sarietarako izendapena jaso duen Pedro Rivero zuzendari bilbotarrari dagokionez, ikus-entzuleentzat eta sektoreko profesionalentzat zabalik egongo den topaketan izango da. Topaketa horretan "Psiconauta" bere hurrengo lanaren zenbait puntu aurreratuko ditu. Saioa maiatzaren 9an izango da, eguerdiko 12:30ean, Bastida aretoan. Sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.