FANTek 8.891 ikuslerekin bukatu du 21. edizioa, aurrekoan baino %20 gehiago

Keeling anaien
Foto: FANT
Actualizado: miércoles, 20 mayo 2015 13:32

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

   FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak 8.891 ikus-entzulerekin amaitu du bere 21. edizioa, hau da, 2014an baino %20 (7.429 ikus-entzule izan ziren orduan) eta 2013ko edizioan baino ia %40 gehiago (4.938 ikus-entzule), antolakuntzak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

   Zinemaldiaren aurreko egunetan preFANT egitarauaren barruan eskaini ziren zortzi film eta zinemaldian zehar izan ziren 40 proiekzio baino gehiagotik -guztira 100 zine ordu baino gehiago-, lehiaketan parte hartu zuten nazioarteko film laburren saioan eta Hayao Miyazaki maisuaren "Porco Rosso" lanaren emanaldi berezian aretoa bete egin zen. Zinemagile japoniarraren "Nausicaä del valle del viento" lana ere ia areto osoa bete zuen.

   Halaber, Campos Eliseos antzokia ia beteta egon zen -750 pertsona baino gehiago- Aaron eta Justin Keeling anaien "The House on Pine Street" lanaren Europako estreinaldian eta zinemaldiaren inaugurazio saioan, eta 418 ikus-entzule izan zituen Kale Nagusiko BBK aretoko amaiera ekitaldiak. Azken ekitaldi horretan Eduardo Casanovaren "La hora del baño" film laburra eta uztailaren 3ra arte areto komertzialetan estreinatuko ez den Gonzalo Bendalaren "Asesinos inocentes" lehenengo film luzea aurkeztu ziren.

   Ohikoa denez, lehiaketara aurkeztutako euskal film laburren aukeraketa izan zen ikus-entzule gehien bildu zuenetako bat, baita Sail Ofizialeko 20:00etako saioak ere. Sail horretan ikus-entzule gehien bildu zituzten hiru filmak "The Pool", "Goodnight mommy" eta "Autumn blood" izan ziren.

JENDE GEHIEN

   Jende gehieneko egunak, maiatzaren 8a -inaugurazioa-, maiatzaren 9a -larunbata- eta maiatzaren 14a -osteguna- izan ziren. Azken egun horretan Trailer Faltsuen Lehiaketa, "Under The Skin" film luzearen emanaldi berezia eta "Wayward Pines" telesailaren estreinaldia izan ziren.

   Beste alde batetik, 1.562 ikaslek hartu zuten parte FANTeskola programan, eta 460 ikus-entzule joan ziren maiatzaren 2an PreFANT egitaraua zabaldu zuen 1980ko hamarkadako saiora; egun horretan "Cazafantasmas" eta "Bitelchus" lanak eskaini ziren pantaila handian.

   Azkenik, antolakuntzak azpimarratu du edizio honetara 50 komunikabide baino gehiago akreditatu direla, batez ere Estatu osoan zine fantastikoan eta beldurrezkoan espezializatuta dauden argitalpenak, baita EAEn erreferentziazkoak diren kultur eta informazio orokorreko hedabideak ere. "Horrek berretsi egiten du zinemaldia generoko erreferente gisa sendotzen ari dela", nabarmendu du.