FANT zinemaldiaren 17. ediziorako lanak aurkezteko epea ireki du Bilboko Udalak

Actualizado: lunes, 24 enero 2011 12:14

BILBO, 24 Ene. (EUROPA PRESS) -

Maiatzaren 2tik 8ra bitartean Bilbo zinema fantastikoaren hiriburu bilakatuko da berriro ere, FANT zinemaldiaren 17. edizioa dela-eta, eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak lehiaketan parte hartuko duten filmak aurkezteko epea ireki du jada. Ikusteko kopiak jasotzeko azken eguna martxoaren 31 izango da. Jaialdiak aurreko edizioan martxan jarri zituen bi sariekin jarraituko du, hots, epaimahaiaren iritziz eta jaialdiko ikusleen ustez film laburrik onenei. Bakoitzak 3.000 euroko saria jasoko du.

Film laburren alorreko bi sari horiek Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak egile berrien lanari laguntzeko asmoz ekindako ildoa indartu nahi dute, izan ere egile berriak baitira FANT zinemaldi fantastikoaren nortasunaren ezaugarrietako bat, Bilboko Udaletik adierazi dutenez.

Film Labur Onenari ematen zaion Ikusleen Sari berezian, 3.000 euroko diru-kopurua erdibana ordainduko zaie filmaren ekoizleari eta egileari, edo bati bakarrik, ekoizlea eta egilea pertsona bera direnean. Film labur onenaren aukeraketa "FANT laburrean" ataleko saioetara doazen pertsonek egingo dute.

Epaimahaiak Film Labur Onenari ematen dion FANT Sariari dagokionez, horretan ere 3.000 euroko zuzkidura ekonomikoa erdibana ordainduko zaie filmaren ekoizleari eta egileari, eta ezin izango da hutsik utzi. Kasu honetan, film labur onena, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Zinegotzigoak, Zinemaldiko Zuzendaritzaren proposamenean oinarrituz, izendatutako adituz osatutako epaimahaiak aukeratuko du.

Aipatutako sari horiez gain, FANTen hurrengo edizioak bere erreferentziazko sariekin jarraituko du: sail ofizialeko genero fantastikoko Pelikula Onenari ematen zaion Saria filmaren egileari emango zaio, ohorezkoa izango da eta oroitzapenezko garaikur bat eramango du, eta FANTROBIA Saria, hori ere ohorezkoa, azken urteetan, zinema fantastikoaren barruan gorantz doan balio gisa azaldu den pertsonari edo erakundeari ematen zaiona.

Zinemaldiaren azken edizioan, film onenaren saria Danimarkako eta Britainia Handiko ekoizpena den Nicolas Winding Refn egilearen "Valhalla rising" lanak jaso zuen. Film laburrenen atalean, epaimahaiak Chema Garcia Ibarraren "Protopartículas" lanari eman zion saria, eta ikusleek Thomas Obertiesen eta Matthias Vogelen "Full employment" aukeratu zuten. FANTROBIA saria Alex eta David Pastor anaiek jaso zuten.