Fantasiazko Ipuin Laburren XXII. Unibertsitate Lehiaketara lanak aurkezteko epea ireki du EHUk

Actualizado: lunes, 29 septiembre 2014 17:42

GASTEIZ, 29 Sep. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arabako campuseko Errektoreordetzak Fantasiazko Ipuin Laburren XXII. Unibertsitate Lehiaketan parte hartzeko lanak aurkezteko epea ireki du. Lehiaketaren xedea sorkuntza artistikoa eta literarioa sustatzea eta saritzea da, EHUk jakinarazi duenez.

Lehiaketa irekia da parte hartu nahi duen ororentzat, eta, horretarako, argitaratu gabeko testu original bat aurkeztu beharko da, euskaraz edo gaztelaniaz. Aurkeztutako ipuinen artean, onenak 800 euroko saria lortuko du. Horrez gain, saritutako lana EHUrena izango da, eta, ondoren, azken edizioetako saridunen bilduma plazaratuko du, liburu batean.

Sariak irabazi ahal izateko, gai fantastiko bat hizpide izango duen ipuin labur bat aurkeztu beharko da; gehienez hamar folio izan ahalko ditu, alde bakarretik mekanografiatuta eta espazio bikoitzarekin. Epaimahaia campuseko zenbait irakaslek eta literatura arloko ospe handiko hainbat pertsonek osatuko dute, eta saria eman gabe utz dezakete.

Testuak aurkezteko epea azaroaren 14an bukatuko da. Lanak izengoiti batekin bidali beharko dira EHUko Arabako campuseko Errektoreordetzako Kultur Hedakuntzako Zerbitzura. Testuarekin batera, gutun azal itxi batean egilearen izena, NAN zenbakia, telefonoa eta erabilitako izengoitia adieraziko dira. Kanpoko aldean "Fantasiazko Ipuin Laburren XXII. Unibertsitate Lehiaketarako" idatzi beharko da. Epaimahaiaren erabakia abenduaren 12an jakinaraziko da.