Ficobak ia 1,3 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen 2010ean, aurreko urtean baino %12 gehiago

Actualizado: viernes, 4 febrero 2011 18:18

DONOSTIA, 4 Feb. (EUROPA PRESS) -

Auditoria egiteko zain dagoen 2010eko ekitaldiak oso "emaitza positiboa" izan du Ficoba Gipuzkoako erakustazokarentzat. Horrela, bere diru-sarrerak gehitzen jarraitu du, eta iaz 1.285.000 euroko kopurua lortu zuen, 2009an lortutako 1.146.000 euroen aldean; beraz, %12ko hazkundea izan da aurreko urtearekin alderatuz, Irungo erakustazokako arduradunek jakinarazi dutenez.

Zazpi urteko jardueraren ondoren, Gipuzkoako erakustazoka esplotazio positiboen emaitzen bidean sartu da. Datu horiekin bukatutzat eman ahal da Ficoba bultzatzeko garaia, abian jarritako azokak finkatzea eta eraginkortasun ekonomikoaren eta enpresarialaren irizpideak aplikatzea izan baita horren arrazoia.

2009an bezala, Ficobaren balantze positiboa berezko azoka guztiek izan duten aldeko bilakaeran oinarritu da (Abla, Bioterra, Mendiexpo eta Euskal Kostaldeko Eguberrietako Azoka), erakusketarien, kontratatutako metro koadroen eta bisitarien kopuruaren gehikuntzekin. Ficoba Fundazioak bultzatzen dituen lau azoka-proposamen hauen finkapena egiaztatu dute emaitza hauek.

Ficobaren gainerako jarduera-ildoetara zabaldu dira emaitza positiboak, alegia, beste batzuek antolatutako azoketara eta bileretara. Horrela, jardueren kopuru osoak bultzada handia izan du, eta 129 ekitaldi ematera iritsi zen 2010ean, aurreko urtean eskaini ziren 111 ekitaldien aldean; %16ko hazkundea, beraz.

Bilakaera positibo hau erakustazokaren okupazio mailara ere zabaldu da, eta joan den urtean 276 egunetan izan zen jardueraren bat, bisitarien kopurua 130.000 izatera iritsiz.

Ficobak eskaintzen duen ekitaldien aukera zabaltzen jarraitu du. Nabarmentzekoa da bere instalazioen goranzko erabilera jende asko biltzen dituen ekitaldietarako, eta bereziki, kontzertuak emateko. Adierazgarrienetako batzuk Fito & Fitipaldis taldeak emandako kontzertua, musika elektronikoaren zaleei zuzendutako Muga Music Meeting kontzertua edo Kutxak bultzatutako i-kultur jaialdia izan ziren. Hitzordu horiek errepikatuko dira 2011ko egutegian, Ficoba kontzertu handietarako azpiegituren zirkuitoan kokatu baitute.

EUSKO JAURLARITZA

Irailetik Eusko Jaurlaritzak bat egin du lehendik jada Ficobaren Patronatuan zeuden Irungo eta Donostiako udalekin, Mugaz Gaindiko Partzuergoarekin, Gipuzkoako Merkataritza Ganberarekin, Bidasoako Erakustazoka S.A.-rekin eta CCI Bayonne-Pays Basque-rekin.

Ficobaren inguruan lortutako akordioaren barruan dago 30.050,61 euroren ondare-ekarpena gehitzea Eusko Jaurlaritzak azoka sustatzeko ekintzak gauzatzearren erakustazokari lehenagotik egiten dion 150.000 euroko ekarpenari.

Iazko ekitaldian Ficobak garatutako jarduerak ondorio induzitua eragin du bere inguruan, eta 2010eko zenbatekoa 6,5 milioi eurokoa izan zen. Zifra horren onuradunak -ez ditu jasotzen enpresen arteko merkataritzako trukeak- hotelak eta ostalaritza osoa dira, baita garraio-enpresak, erosketakoak eta aisialdikoak, kontrataziokoak, standen muntaiakoak eta dekoraziokoak ere.

Ficobari dagokionez, inguruan izan duen ondorio induzitua, azoka-sektoreak abalatutako ratioari jarraituz kalkulatzen da; alegia, lur-kontzeptuan fakturatutako euro bakoitzeko 6tik 12 eurora bitartean sortzen dira eragin-gunean.

Egun, Ficobak dagoeneko %74ko okupazio-maila baieztatua dauka; hori 270 egun dira okupatuta. Nabarmendu behar da, Ficobaren beste azokekin gertatzen den bezala, beste batzuek antolatutako ekitaldi askok ere beren presentzia finkatu dutela Ficobaren egutegian.