Ficoban egingo den Bioterra azokak erakusketa-azaleraren erdia saldu du inauguratzeko hiru hilabete falta direnean

Actualizado: jueves, 10 marzo 2011 19:09

DONOSTIA, 10 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ficoba Fundazioak duela zortzi urtetik bultzatzen duen Bioterra azoka ekologikoa izateko hiru hilabete falta direnean, erakusketa-azaleraren %50a saldua dago jada. Azoka ekainaren 3tik 5a arte egingo da Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustoazokan.

Bere arduradunen arabera, komertzializazio-datu horrek baieztatu du Bioterra "sektoreak asko espero den hitzordua dela, tresna erakargarri gisa ikusten baitute beren produktuak eta zerbitzuak ezagutzera emateko eta ekologikoaren kultura zabaltzeko".

Aurreko edizioetan bezala, azoka ekologikoak hiru gai-eremu nagusi proposatuko dizkie erakusketariei eta bisitariei. Bat, produktu eta ekimen ekologikoei eskainia; bertan, nekazaritza ekologikoko elikagai ziurtagiridunak, nekazaritza ekologikorako produktuak eta osagarriak, kosmetika, ehungintza eta kudeaketa ekologikoaren ekimenak erakutsiko dira.

Naturall esparruak, bestalde, osasunarekin eta ongizatearekin zerikusia duten sektore guztiak bilduko ditu ikuspegi arduratsutik eta ingurumenarekiko errespetuzkotik. Bioterraren eskaintza Geobatekin osatzen da; bioeraikuntzaren eta energia berriztagarrien gune horretan, irtenbide profesionalak aurkitu ahal izango dira eraikuntza osasungarria eta ingurumena errespetatzen duena gauzatzeko, kontsumoa murrizten duten eta energia naturalak aprobetxaten dituzten energi instalazioak ere bai eta, halaber, ekonomia berdearen sektorean lan egiten duten profesionalak eta enpresak.

Zenbait hizlarik baieztatu dute jada Bioterran izango direla. Besteak beste, nabarmendu behar da bertan izango dela Gernot Minke irakaslea, arkitektoa eta aditu alemaniar ospetsua eraikuntza bioklimatikoetan. Material naturalekin, batik bat industriaratu gabeekin eraikitzeko teknika berriak birsortzen, hobetzen eta gauzatzen espezializatu da Minke.

Munduko leku askotan egin ditu proiektuak eta eraikinak, bertako materialak bakarrik erabiliz. Bere ikerketa asko adobezko eraikinetan ardaztu dira. Minke-k gogorarazten du oraindik ere gizateriaren heren bat lurrez eraikitako etxeetan bizi dela.

Halaber, Bioterrak badu jada bere web-orria Facebooken, eta haren bidez, azoka jarraitzen dutenei informazioa emateaz gainera, zozketak egingo ditu aldizka Facebooken Bioterraren "lagunak" egiten direnen artean.

Bioterrak lehenengo ediziotik eutsi dio goranzko ildo horri. Iaz, hazten jarraitu zuen, eta ehun erakusketarik eta 9.000 bisitari baino gehiagok parte hartu zuten; hori %7ko eta %9ko hazkundea izan zen, hurrenez hurren.