Fitzgerald, Monk, Gillespie eta Coltraneren urteurrenak gogoratzeko kontzertu eta hitzaldiak 52. Heineken Jazzaldian

Actualizado: jueves, 22 junio 2017 18:17

DONOSTIA, 22. (EUROPA PRESS)

Donostiako 52. Heineken Jazzaldiak launa kontzertu eta hitzaldi antolatuko ditu Ella Fitzgerald, Thelonious Monk eta Dizzy Gillespieren jaiotzen mendeurrenak eta John Coltraneren heriotzaren 50. urteurrena gogora ekartzeko.

Kontzertuak uztailaren 21, 22, 24 eta 25ean izango dira, San Telmo Museoa-SGAE Fundazioaren Gunean, eguerdiko 12:30ean, eta sarrerak agortuta daude jada. Hitzaldiak, berriz, 11:30ean izango dira, San Telmo Museoaren ekitaldi aretoan, eta 40 minutu inguruko iraupena izango dute. Sarrera doan izango da aretoa betetzen den arte.

Heineken Jazzaldiko antolatzaileek nabarmendu dutenez, Fitzgerald, Monk, Gillespie eta Coltrane "ezinbesteko izarrak" dira jazzaren historian, "arrakasta itzela izan zuten eta haien eragina erabakigarria izan zen ondorengo belaunaldientzat".

Hizlaria Patri Goialde izango da, Musikeneko Jazz Musikaren Historiako irakaslea. Goialde Musikeneko zuzendari izan zen 2012tik 2015era, eta ikasleen Gradu Amaierako lanak zuzentzen ditu. Bere irakasle lanez aparte, euskal jazz talde askotako kide izan da.

Osagarri modura, Iñigo Ortega jazz adituak prestatutako lau artisten bideo-sekuentzia bat eskainiko da, eta San Telmo Museoaren sarreran ikusi ahal izango da Jazzaldiak irauten duen egunetan.

Esperientzia luzeko musikariz osatutako taldeek hartuko dute parte kontzertuetan. Horrela, uztailaren 21ean, Deborah Carter abeslariak zuzendutako boskote batek Ella Fitzgerald omenduko du; uztailaren 22an, Iñaki Salvador pianista donostiarrak Thelonious Monken obra birsortuko du laukote formatuan; uztailaren 24an, Chris Kase tronpetista seikote baten buru izango da eta Dizzy Gillespie interpretatuko du; azkenik, uztailaren 25ean, Mikel Anduezaren zazpikoteak John Coltraneren musika oinarri hartuko du zikloa bukatzeko.