Foo Fighters taldeak apirilaren 12an kaleratuko du disko berria

Actualizado: miércoles, 2 febrero 2011 18:38

BILBO, 2 Feb. (EUROPA PRESS) -

Foo Fighters talde estatubatuarrak baieztatu du apirilaren 12an argitaratuko duela disko berria, taldearen webgunean jarritako lehen aurrerapenak -"Bridge Burning" kantuaren 30 segundo- milioi erdi entzute baino gehiago izan ondoren. Dave Grohl buru duen taldeko jarraitzaileek material berriaren zati batzuk entzun ditzakete jada www.foofighters/fm helbidean, diala 101.5era mugituz.

Taldeak disko berria nolabait estreinatzeko kontzertua eman zuen joan den urtarrilaren 28an Santa Barbarako (Kalifornia, AEB) Velvet Jones Club areto txikian, lan berria hasieratik amaierara arte interpretatuz, ikusleek eskatzen zituzten betiko arrakastekin batera.

Halaber, Foo Fighters taldeak jakinarazi du AEBetan emango duen lehen kontzertu handia maiatzaren 21ean izango dela, Gulf Shores (Alabama) herrian, Hangout jaialdian. Maiatzaren 27an bira hasiko du taldeak Washingtonen, eta Europan ere joko du, besteak beste, Ingalaterrako Wight Irlako jaialdian, Holandako PinkPop jaialdian eta Berlingo Wulheide estadioan.

Bira honetan, taldeak agortu ditu jada Erresuma Batuko Milton Keynes Bowl estadioan uztailaren 2an eta 3an eskainiko dituen kontzertuetarako sarrerak; estadioak 130.000 ikuslerentzako lekua dauka. Oraingoz, Europako bira Suitza, Erresuma Batua, Holanda, Italia, Alemania, Danimarka, Suedia, Norvegia, Finlandia, Portugal eta Irlandatik igaroko da.

Izenburua argitzeke, talde estatubatuarraren estudioko zazpigarren diskoaren ekoizlea Butch Vig izan da, Alan Moulder-ek nahastu du eta Dave Grohlek San Fernando Valley-n (Kalifornia) duen etxeko garajean grabatu da zinta analogikoetan.

Butch Vig-ek osorik ekoizten duen Foo Fighters-en lehenengo diskoa da; aurretik, taldeak 2009an argitaratu zuen arrakasten diskoan "Wheels" eta "Word Forward" kanta berriak ekoitzi zituen Vig-ek.

Nirvana taldeko Krist Novoselic-ek ere kolaboratzen du diskoan "I Should Have Know" abestian baxua eta akordeoia joz. Bestalde, Pat Smear, Taylor Hawkins, Nate Mendel eta Chris Shiflett dira oraindik Foo Fighters, Dave Grohlekin batera.