Francoren diktadurak euskal gizartean utzitako "itzala" aztergai Donostian

Actualizado: martes, 28 abril 2015 13:12

DONOSTIA, 28 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketa taldeak Giza Eskubideetan Oinarritutako Hezkuntza Hezitzaileentzat XVI. mintegia antolatu dute Gipuzkoako Aldundiarekin batera, eta, aurreko mintegietan egin den bezala, giza eskubideen inguruko kezkak eta buruhausteak aztertuko dira. Zehazki, oraingoan, Franco 40 urte hil zelarik, gizartean, eskoletan eta genero harremanetan diktadurak utzi duen itzalaz hausnartuko dute.

   Jardunaldia Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Gradu Aretoan izango da, Donostian, asteazken honetan, apirilaren 29an, goizeko 10:00etan hasita, EHUko iturriek jakinarazi dutenez.

   Tradizionalki, jardunaldi hauek hezitzaile profesional zein bidean daudenak trebatzeko guneak izan dira. Espazio hauen bidez hezitzaileek zenbait baliabide eskuratu dituzte giza eskubideen inguruko gaiak landu ahal izateko. Antolatzaileen iritziz, "jakina da Francoren diktadurak guregan arrastoa duela. Oinordetza, oroimen kolektibo eta traumatikoaren zantzua, hiru ardatzaren inguruan eraiki zen: errepresioa, erredentzio eta berreziketa".

   "Hasieratik bertatik, diktadurak errejimenaren egitura militarra eta politikoa eratu zuen, estrategia bikoitzaz. Alde batetik, errepresioaren bidez, eta bestetik, neurri politiko zein sozialak ezarriz. Frankistek etsaia zigortu eta akabatu zuten, aldi berean, oroimen berria hedatuz: gizartearen ordena berria, balio berriak eta gizarte praktika berriak, zeinek jendarteko espazioa eta eremu pribatua berrantolatu baitzituzten", azaldu dute.

HIRU ADITU

   Horretarako ekitaldian hiru adituk parte hartuko dute. Arantza Urretabizkaia idazle eta kazetariak "Zuri-beltzeko argazkiak" liburua argitaratu zuen iaz. Haurtzarako oroitzapenen bidez, zuri beltzezko argazkiak hartuz, diktadura garaiko Donostiako deskribapena jasotzen du lanak.

   Beste parte hartzaile bat Hilario Murua Cartón izango da, EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia saileko irakaslea. "Diktadura garaiko hezkuntza formala Guipuzkoan" izan zen bere doktorego tesiaren gaia.

   Azkenik, Pere Joan Tous Konstanz (Alemania) Unibertsitateko Filología Erromanikoko katedradunak ere parte hartuko du; totalitarismoen oroimen kolektiboa da haren ikerketa interesa eta gai horren inguruan ekoizpen bibliografiko eta zientifiko aberatsa du.