Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako euskal biktima kereilariak, 2015eko René Cassin saria

Actualizado: jueves, 3 diciembre 2015 14:36

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataforman antolatutako euskal biktima kereilariei emango die giza eskubideen René Cassin 2015 saria. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak emango du saria abenduaren 10ean, hau da, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Lehendakaritzan egingo den ekitaldi batean.

   Epaimahaiak, azaroaren 19an Gasteizen bilduta, kolektibo horrek egindako lana aintzatestea erabaki du. Plataformak justizia unibertsalaren defentsaren esparruan gauzatzen du bere jarduna, giza eskubideen urraketa larriak aurkatzeko tresna gisa. Sariak, orobat, plataformak egiaren eta justiziaren bilaketan egiten duen lan indibidual eta kolektiboa sustatzeko balioko du.

   Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, hautagaitza hori saritzeak badu beste xede bat ere, alegia, plataformaren inguruan antolatutako euskal biktima kereilari guztiei aitorpen morala egitea.

   René Cassin saria Eusko Jaurlaritzak sortu zuen, beren jardunaren bitartez euskal gizartean giza eskubideen balioak nabarmen sustatzen laguntzen duten pertsona fisiko nahiz juridikoen lana publikoki aitortzeko asmoz. 1887an Baionan jaiotako René Cassinek ematen dio sariari izena, hura jotzen baita Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren inspirazio iturritzat. Horrez gain, 1968an Bakearen Nobel Saria jaso zuen.