Fretwork biola boskoteak hasiko ditu Getxoko (Bizkaia) Kontzertu Klasikoak

Fretwork boskote britainiarra
GETXOKO KULTUR ETXEA
Actualizado: viernes, 1 marzo 2013 11:11

BILBO, 1 Mar. (EUROPA PRESS) -

Getxoko (Bizkaia) 28. Kontzertu Klasikoak hasiko dira larunbat honetan, martxoaren 2an, Fretwork biola boskote britainiarraren emanaldiarekin. Zikloaren kontzertu guztiak Areetako Andres Isasi Musika Eskolan izango dira, 19:30ean, Getxoko Kultur Etxeko iturriek jakinarazi dutenez.

Iaz bezala, kontzertuak hiru larunbatetan jarraian egingo dira, eta horrela, hurrengo saioak martxoaren 9an eta 16an izango dira. Lehenengoan Anda-Louise Bogza soprano errumaniarra arituko da, Adam Skoumal pianistak lagunduta, eta bigarrenean, Miguel Ituarte pianista getxotarra.

Antolatzaileek adierazi dutenez, 1986an Londresen aurkeztu zenetik, Fretwork biola taldeak mundu osoan zehar eskaini ditu kontzertuak, eta zango biolentzako musika ingelesaren oso interpretazio bereziak egiten ditu. Errepertorio ugari ikertu dute, bai beren kontzertuetan bai grabaketetan eta edizio diskografikoetan, eta Taverner-etik Purcell-era bitarteko programak interpretatu dituzte.

Biolentzako musika garaikidea interpretatzen duen talde aitzindaritzat hartua, 30 konposizio baino gehiago estreinatu ditu. Disko ekoizpen zabala du boskoteak, eta nabarmentzekoak dira William Lawes, Henry Purcell, William Byrd, Matthew Locke, John Dowland eta Orlando Gibbons-en obren grabazioak. Getxon eskainiko duen saioan, J.S. Bach maisuaren "Goldberg bariazioak" interpretatuko du.

Martxoaren 9an, Anda-Louise Bogza soprano errumaniarraren kontzertua izango da. Bogzak Vienako Nazioarteko Abesti Lehiaketaren lehenengo saria irabazi zuen 1994an. Sarritan aritu da Europa osoko aretoetan eta bere maisutasuna erakutsi du hainbat roletan, hala nola Aida, Tosca, Katia Kabanova edo Doña Ana. Getxon Adam Skoumal pianistak lagunduta arituko da, Txekiar Errepublikako egungo piano-jotzaile eta musikagile ospetsuenetakoarekin, hain zuzen ere.

Getxoko 28. Kontzertu Klasikoak bukatzeko, Miguel Ituarte pianista getxotarrak joko du martxoaren 16an. Bere errepertorio zabalean hainbat garaitako lanak bildu ditu, Bach-en hasita eta egungo musikaraino. Europan zein Hego Amerikan eskaini ditu emanaldiak eta zenbait ganbera taldetan aritu da. Egun, Cecilia Lavilla Berganza sopranoarekin aritzen da elkarlanean sarritan.