Gabriel Aresti, Miguel de Unamuno eta Blas de Otero literatur lehiaketen sariak banatu ditu Bilboko Udalak

Bilboko Udalak hiru literatur lehiaketen sariak banatu ditu
BILBOKO UDALA
Actualizado: miércoles, 22 noviembre 2017 14:22

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak urtero antolatzen dituen Gabriel Aresti XXXIV. Ipuin Lehiaketaren, Miguel de Unamuno XVIII. Saiaketa Lehiaketaren eta Blas de Otero X. Poesia Lehiaketaren sariak banatu dira asteazken honetan udaletxeko Arabiar Aretoan. Ekitaldian izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, saridunak eta epaimahai bakoitzeko kideetako batzuk.

Horrela, Amaia Lekunberrik "Ezkontza" lanarekin eta Antonio Tocornalek "Cundi macundi" ipuinarekin irabazi dituzte Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren sari nagusiak, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren. Bakoitzak 3.500 euro jasoko ditu. Gainera, Aritz Gorrotxategik, Nerea Arrienek, Hector Prahimek eta Manuel Moyak 1.750na euroko accesitak jaso dituzte. Lehiaketaren azken ediziora 1.326 lan aurkeztu dira, haietako 74 euskaraz.

Halaber, Asier Amezagak eskuratu du Miguel de Unamuno Saiakera Saria euskarazko kategorian, "Inor ez delako profeta bere mendean, Gabriel Arestiren egunean" lanarekin. Gaztelaniazko atalean, aldiz, Mario Martin izan da irabazlea, "Un segundo destierro. La sombra de Unamuno en el exilio español" izeneko lanarekin. Bakoitzak 6.000 euro jasoko ditu. Edizio honetan 96 lan aurkeztu dira, haietako zazpi euskaraz.

Azkenik, Rafael Ugaldek "Hondar aleak" lanarekin lortu du euskarazko sari nagusia Blas de Oteri Poesia Lehiaketan, eta gaztelaniazkoa Raquel Ramirezentzat izan da, "La arquitectura de las colmenas" poema bildumari esker. Irabazle bakoitzak 5.500 euro jasoko ditu. Poesia lehiaketara 510 lan aurkeztu dira, haietako 15 euskaraz.