Garikoitz Mendizabalek "Sosegua" diskoa aurkeztuko du gaur Bilboko Euskalduna Jauregian emango duen kontzertuan

Actualizado: miércoles, 16 marzo 2011 14:40

BILBO, 16 Mar. (EUROPA PRESS) -

Garikoitz Mendizabal Bilboko Udal Txistularien Bandako zuzendariak "Sosegua" lan berria aurkeztuko du gaur arratsaldean Bilboko Euskalduna Jauregian, BilbaoMusika erakundeak antolatutako kontzertuen denboraldiaren barruan. Disko honetako piezak zenbait musikari ezagunek bereziki konposatu dituzte, hauen artean Kepa Junkerak. Kontzertua Euskalduna Jauregiko A1 Aretoan izango da, 20:00etan (sarrera librea).

Mendizabalekin batera ospe handiko zenbait musikari ere arituko dira gaur, hala nola Mariano Santamaria pianista, Oihane Igerabide arpa-jotzailea, Pello Ramirez biolontxelista, Iñaki Telleria perkusio-jotzailea eta Kepa Junkera bera, antolatzaileek adierazi dutenez.

Garikoitz Mendizabal (Zestoa, Gipuzkoa, 1973), Bilboko Udal Txistularien Bandako ardurarekin batera, zenbait diskoren grabazioetan kolaboratu du. "Sosegua", Hiri Records diskoetxeak kaleratua, bakarkako bere bigarren lana da. Kepa Junkeraren ekoizpena da eta gainera CDa osatzen dituzten 11 kantuetako bat konposatu du.

Josu Elberdin, Xabi Zabala eta Santi Ibarretxe dira gainontzeko konposizioen egileak, estilo ezberdinak uztartu nahi izan dituelarik txistulariak bildu dituen melodietan. Egile ezberdinen konposizioak izanik, azken emaitza, ezaugarri ezberdin anitzeko lana izan da, eta Mendizabalek azaldu nahi izan duen bezala, "jazz, blues edo klasikoan mugitzen gara".

Grabazioan, Mendizabalek ia erabiltzen ez diren bi txistu mota berreskuratu ditu, eta gitarra klasikoarekin, pianoarekin, biolontxeloarekin, perkusioarekin, arparekin, trikitixarekin eta bateriarekin bateratu ditu, "bestelako soinu bat" lortuz.