Garraio publikoaren erabilera sustatzeko kanpaina abiarazi dute Bilbon

Garraio publikoaren erabilera sustatzeko kanpaina Bilbon
BILBOKO UDALA
Actualizado: lunes, 13 marzo 2017 17:19

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Iraunkortasun Sailak eta Bilbobus zerbitzuak "Zurekin mugitzen gara" izenburuko kanpaina jarri dute martxan, Bilbobus "kalitate handiko zerbitzu bihurtu duten gertakariak" gogoratuz eta garraio publikoaren garrantzia azpimarratuz, hirian joan-etorriak egiteko baliabide iraunkorra den neurrian.

Kanpainaren aurkezpenean azaldu dutenez, ardatz nagusi bat izango du: "Bilbobusen, egun hori gaur da". Esaldi horrekin azaltzen da etorkizuneko eskariak ziruditenak gaur egungo hobekuntzak direla. Adibidez, zerbitzuak 2016an egin dituen berrikuntzetako batzuk aztertzen dira, esaterako, doako txartela sei urtetik beherakoentzat edo erabat elektrikoak diren ibilgailuak ekartzea. Erabateko irisgarritasunaren aldeko apustuaren barruan, urtarriletik itsu batekin edo gurpil aulkian doazen pertsonen laguntzaileek doan joan daitezke Bilbobusean.

"Horrekin batera, asteburuetan gaueko lineak izateak, unitate guztiak egunean birritan garbitzeak edo herritarren %99,8k 300 metro baino gutxiagora geraleku bat edukitzeak azpimarratzen dute Bilbobus erabiltzaileen beharrizanekin batera aldatzen dela. Izan ere, urtean 26 milioi erabiltzaile bidaiatzen dute 43 lineatan", adierazi du Alfonso Gil Bilboko alkateorde eta Mugikortasun eta Iraunkortasun Saileko zinegotzi ordezkariak.

Gainera, garraio publikoaren erabilera sustatzeko kanpainak RETAbet Bilbao Basket eta Bidaideak Bilbao BSR saskibaloi taldeetako jokalarien irudia eta laguntza izango du. Kanpainaren aurkezpenean bi taldeetako jokalariak izan dira, tartean Alex Mumbru eta Javi Salgado.

ERABILTZAILEEKIN HARREMANA

Bestalde, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Iraunkortasun Sailak "beste buelta bat" eman dio Bilbobusen eta erabiltzaileen arteko harremanari. Astelehen honetatik aurrera, herritarrak informatzeko eta haiekin komunikatzeko bideak zabaldu ditu eta kontu bat zabaldu du Twitterren (@bilbobus) eta beste bat Facebooken, informazioa hobetzeko, zerbitzuko erabiltzaileekin zuzenean komunikatu ahal izateko eta haien kontsultak eta zalantzak ahalik eta arinen konpontzeko.

Halaber, laster webgune berri bat prestatuko du zerbitzuko informazio guztia erakusteko: lineak, tarifak, itxaroteko denborak eta bilbotarren eta udal garraio zerbitzuaren arteko harremana hobetzeko gainerako datuak.

"Gure erabiltzaileak pozik daude garraio zerbitzuarekin, baina dena hobe daiteke eta eginahalak egingo ditugu hobetzeko eta irisgarritasun jasangarria lortzeko bide berriak zabaltzeko. Garraio publikoa gizartearen kohesiorako faktorea da eta horri laguntzen jarraituko dugu", azpimarratu du Gilek.

Izan ere, seigarren aldiz jarraian, Bilbobus udal garraio zerbitzuak nota ona atera zuen iaz. 2016an, Bilbobuseko erabiltzaileek "oso ondo" nota eman zioten, eta %30ek uste zuen kalitatean hobetu zela, 2015. urtearekin alderatuta.