Garraiobide garbiagorantz aldaketa izango da 2011ko Mugikortasunaren Aste Europarraren ardatza Bilbon

Garraiobide garbiagoa aldarrikatuko du Bilbok Mugikortasunaren Aste Europarrean
Europa Press
Actualizado: miércoles, 14 septiembre 2011 15:52

BILBO, 14 Sep. (EUROPA PRESS) -

Aurten ere, elkarren segidako hamabigarren urtez, Bilbok bat egingo du Mugikortasunaren Aste Europarrarekin, eta oraingoan, garraiobide garbiagorantz aldaketa aldarrikatzea izango da egitasmoaren ardatz nagusia.

Aurtengo "Bilbao nire kotxe barik!" astea irailaren 22an bukatuko da, eta amaiera bikaina ipiniko dio irailaren 16an hasiko den "Mugikortasunaren Aste Europarra"-ri. Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio zinegotzi Asier Abaunzak aurkeztu du gaur jardunaldia.

Bilboko Udalak ekitaldi honetan parte hartzeko aurten aukeratu duen goiburua "Modu eraginkorrean mugitzeaz ari gara. Zutaz ari gara!" da, eta Europar Batasunak 2020. urterako bete nahi dituen helburuekin lotuta dago. Helburu hauek 20/20/20 ekimena bezala ezagunak dira, hau da, %20 gutxitzea oinarrizko energiaren kontsumoa eta Berotegi Efektuaren Gasen isurpena eta energia berriztagarrien erabilpena %20 gehitzea.

Abaunzak adierazi duenez, helburu hauek erdiesteko erronka nagusiren bat ibilgailu pribatuen joan-etorriak gutxitzea da, erregai fosila erabiltzen baitute. Mugikortasunaren Aste Europarrak mugikortasun sistema eraginkorragoa eta garbiagoa bultzatu nahi du.

Zentzu honetan, Abaunzak mugitzeko modu eraginkorragoak erabiltzeko garrantzia erakusten duten zenbait datu adierazi ditu, hala nola 100 ibilgailutik 82tan lagun bat bakarrik bidaiatzen dela; 36 toki duen autobus bat betetzen bada, 29 ibilgailu pribatuak etxean gera daitezkeela; Bilbora egunero doazen ibilgailuak ilaran ipiniko balira Parisera helduko liratekeela.

2010. urtean Europako 2.221 hiri hartu zuten parte ekimen honetan, marka berria lortuz. Horietatik guztietatik 68 Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiriak ziren, guztira 1.507.414 herritarren populazioarekin.