Gasteizek 22 kultur ikastaroetarako 815 plaza eskaintzen ditu 2016/2017 kurtsoan

Kultur ikastaroak
GASTEIZKO UDALA
Actualizado: miércoles, 16 agosto 2017 18:23

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

Gasteizko Udaleko Kultura zerbitzuak jada ireki du, irailaren 4aren arte, 2017-2018 denboraldiko 22 kultur ikastaroetarako aurretiko izen-ematea. 815 plaza eskaintzen ditu eta Bingen Mendizabal, Jorge Ibarrondo edo Nagore Ayesa, besteak beste, emango dituzte kurtsoak.

Udalak adierazi duenez, eskaintza "zabala eta askotarikoa da", eta helburua du herritarrei "kulturaren hainbat arlotako ezagutzak era didaktiko eta atseginean eskaintzea, betiere jorratuko diren gaietan adituak diren irakasleen eskutik".

Azpimarratu duenez, ikastaro teorikoak dira gehienbat, eta kasu batzuetan jarduera praktiko osagarriak ere tartean izaten dira. Herritarrek zer aukeratu izango dute, haien gustuen eta interesen arabera, hainbat arlo jorratuko baitira ikastarootan. Izan ere, denetariko gaiak aurki daitezke programazioan: artearen historia, zinema, musika, historia, mikologia, kriminologia, etab.

Irakasleei dagokienez, zorroztasun zientifikoa bermatzen duten adituak arituko dira ikastaro guztietan. Haien artean, Bingen Mendizabal eta Sabin Salaberri musikariak, Cira Crespo eta David Mota doktoreak, Juan Ibarrondo idazle eta kazetaria, eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak diren Leire Diaz de Gereñu, Sonia Garcia eta Xuxo Ayan, besteak beste.

2017-18 ikasturteko eskaintza 22 ikastarok osatzen dute, eta horietako 3 euskaraz izango dira. 7 eta 15 saio bitarteko ikastaroak dira guztiak, eta astean behin edo bitan emango dira Gasteizko gizarte etxe guztietan.

Guztira, 815 leku izango dira. Izena emateko aurretiko epea zabalik da dagoeneko, irailaren 4ra bitartean. Zozketa egingo da gero, irailaren 5ean, eta, edonola ere, bigarren epealdi bat zabalduko da berriro irailaren 19an, geratu diren leku libreak bete ahal izateko.

Bingen Mendizabal musikari gasteiztarrak musikaren eta zinemaren arteko harremanei buruz hitz egingo digu; Juan Ibarrondo idazle-kazetariak nazioarteko istiluak izango ditu mintzagai, AEBko Donald Trump edo Europako eskuin muturraren gorakada tartean direla.

ERAIKINAK ETA HIRIAK

Halaber, Nagore Ayesa arkitektoak eraikinak eta hiriak birpentsatzera gonbidatuko gaitu, bioeraikuntzaren kontzeptuaren harira eta David Mota historialariak Trantsizio garaia aztertuko du, musika eta kultura herrikoiaren ikuspuntutik.

Horietaz gain, beste kurtso batzuk emakumeen presentzia hainbat jakintza arlotan historian zehar, mikologia, arkeologia, astronomia, kriminologia, arte hispanomusulmana, etab ukituko ditu.

Hiru ikastaro euskaraz izango dira: ardoa dastatzeari buruzkoa bata, graffitiei buruzkoa bestea, eta ahozko kontalaritzaren ingurukoa hirugarrena.

Ikastaro guztien informazio zehatza edozein gizarte etxetan nahiz www.vitoria-gasteiz.org/kultura web orrian dago eskuragarri.