Gasteizko Arte Ederren Museoak aldi baterako utzi dio Diaz Olanoren "Jatetxea" pintura CaixaForum Girona aretoari

Diaz Olanoren "Jatetxea" Gironara eraman dute aldi baterako
ARABAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 20 mayo 2011 14:45

GASTEIZ, 20 May. (EUROPA PRESS) -

Gasteizko Arte Ederren Museoak Ignacio Diaz Olano margolariaren (Gasteiz, 1860-1937) "Jatetxea" izeneko lana utzi du aldi baterako. Izan ere, la Caixa Fundazioak eskatu dio pintura, CaixaForum Girona aretoan abuztuaren 15a arte izango den "Urre sukarra. Burgesia berriaren eszenak" izeneko erakusketan jartzeko, Arabako Foru Aldunditik adierazi dutenez.

XIX. mendearen azken hereneko margolan sorta handia bildu da Gironako erakusketan, XIX. mendearen bukaeran Katalunian bizi zen burgesiaren finkatze prozesua azaltzeko asmoz, artearen bidez eta Narcis Ollerren "Urre sukarra (1890-92)" eleberriaren argumentuari jarraituz.

"Pintura errealista" delakoaren lan esanguratsuenek irudien bidez argitzen dituzte Kataluniako burgesiaren finkatzea eta aisiarekin lotutako ohitura berrien agerpena, jendea biltzeko toki berriak, hala nola jendearen arteko harremanen eta negozioen epizentro bilakatu ziren kafetegiak eta jatetxeak.

Testuinguru horretan, Diaz Olanoren "Jatetxea" pinturak (1897an egina) "leku estrategikoa" hartzen du erakusketaren narratiban. Margolari gasteiztarraren lan esanguratsuenetako bat den honek hasiera batean "Kontrastea" izena zuen, luxuzkoa eta erosoa ematen duen jatetxearen barnealdea eta kanpoaldea kontrajartzen baitira; izan ere, kanpotik, leihoaren beste aldean, bi emakume apal bizimodu burgesa begiratzen ari dira. Hala ere, anekdota eta xehetasunen errealismoa nagusitu egiten dira margolariak egin nahi izango lukeen kritika sozial edo ideologikoaren aurretik.

Formatu handiko mihise honek eguneroko bizitzaren alderdi atseginenak goraipatzen ditu, eta girotze zaindua erakusten du, margolariak teknika menderatzen duelako, aurpegietan, jantzietan edo urrelili sortan ikus daitekeen bezala.

Ignacio Diaz Olanok Gasteizen margotu zuen lan hau, hiriak 30.000 biztanle baino ez zituen garaian, eta hiriko ohitura berriak islatu zituen, hala nola "restaurant" direlakoen agerpena. Frantsesen erako establezimendu horiek ardotegi zein taberna herrikoiagoekin batera zeuden hirian, eta burgesiaren premia sozial berria izan ziren.