Gasteizko autobus elektriko adimendunak 42,8 milioiko aurrekontua du eta 2018ko hasieran lizitatuko da

Autobus elektriko adimendunaren infografia bat
IREKIA
Actualizado: jueves, 14 diciembre 2017 12:01

Eusko Jaurlaritzak aurrekontuaren %65 jarriko du, eta Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak gainontzekoa, erdi bana

GASTEIZ, 14 (EUROPA PRESS)

Gasteizko autobus elektriko adimendunak 42.850.000 euroko aurrekontua izango du eta 2018. urtearen hasieran lizitatu ahal izango dela jakinarazi du ostegun honetan Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, Gorka Urtaran Gasteizko alkatearekin eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiarekin batera ostegun honetan egin duen agerraldian.

Hiru erakundeetako arduradunek proiektuaren xehetasunen berri eman dute Artium museoan egin den ekitaldian, Euskal Trenbide Sareko (ETS) Cristina Lopez proiektuaren zuzendariaren babesarekin. Gasteizko garraio publikoa iraunkorragoa eta lehiakorragoa egiteko asmoz antolatu den autobus elektriko adimendura ezartzeko proiektua dagoeneko osatua dago.

Proiektuak 42.850.000 euroko oinarrizko aurrekontua du, eta finantzaketarako hitzarmena berehala berretsiko da. Finantzaketaren banaketari dagokionez, tranbiaren eraikuntzarako aurrera eramandako eredu bera jarraituko da: Eusko Jaurlaritzak %65 jarriko du, eta Araba Aldundiak eta Gasteizko Udalak %17,5 bakoitzak.

ETS erakunde publikoak gauzatu du proiektu teknikoa, jasotako kudeaketa enkomendan oinarrituta. Behin hau amaituta, eta baldintza tekniko eta administratiboak idatzi eta gero, Gasteizko Udalak lizitazioari ekingo dio, bus elektrikoaren sistema egungo 2. linean ezartzeko. Ondoren, Tuvisa udal enpresak ustiatuko du.

Autobus elektriko adimendunak hamar kilometroko ibilbidea izango du, eta 24 geraleku berri sartuko dira noranzko bakoitzean, orain arte "ohiko" geralekuak egon diren kokalekuetan. Markesinen estetika tranbiaren markesinen antzekoa izango da, baina 29"-ko LCD pantaila handiagoa jarri da, itxaron beharreko denborari edo beste linea batzuekin dauden konexioei buruzko datuak denbora errealean eskaintzen dituen multimedia informazioa hobetzeko. Horrez gain, geralekuek jendearen arretarako sistemak izango dituzte, ahots eta bideo bitartez.

KARGA

Bestalde, aurretiko azterlanetan autobusen karga elektrikorako merkatuan dauden soluzio teknologiko guztiak zehatz aztertu dira. Azkenean, pantografo inbertitua duen aukerako karga sistema aukeratu da, eta linea bakoitzerako bi kargagailu proiektatu dira, hau da, zirkulazioaren noranzko bakoitzerako bi: Bulebarrean eta Mendizorrotzan. Erabaki hori, karga sistemaren batek huts eginez gero ere zerbitzua ziurtatzeko asmoz hartu da. Ibilgailuen ezaugarriak kontuan izanda, ustiapenak irauten duen bitartean, itzuli bakoitzeko bost minutuko karga azkarra egiteko aukera dago, baina bi puntu gehitu dira, berme gehiago eskaintzeko.

Txartelen balioztapenari eta salmentari dagokienez, Tuvisaren ohiko funtzionamendu sistemarekin alderatuz izango duen berrikuntza nagusietakoa da geralekuan baliogabetu ahal izatea, baita joaneko tituluak erosteko, Bat txartela kargatzeko edo kreditu txartelarekin eta Barik edo Mugi txartelekin ordaintzeko aukera ere. Beste berrikuntza bat da Bat txartela autobus geltokiko, Mendizorrotzako eta Bulebarreko geralekuetan eskuratzeko aukera izango dela.

Gasteizko kaleetatik ibiliko dira %100 elektrikoak diren 18 metroko zazpi eta 12 metroko sei autobus, eta garapen teknologiko berritzaileak integratuko dituzte. Berrikuntza gisa, segurtasunerako eta gidaritzari laguntzeko sistemak (geralekura hurbiltzeko laguntza, gidatze optiko bitartez), irisgarritasun arloko hobekuntzak (ahalmen handiagoa eta autobusaren solairua ohikoa baino beherago) eta klimatizazio baldintzak hobetuko dituen ateen eskuzko irekiera gehituko dituzte. Azkenik, autobus elektrikoa denez, ez du zaratarik egingo, hiriko hots kalitatea eta gidarien lan baldintzak hobetuz.

EUSKADI OSORA

Arantxa Tapia pozik agertu da, "Gasteizen mugikortasun elektrikorako trantsiziorako eman den pauso irmoarengatik". Aurreikuspenak betetzen badira, pixkanaka Euskadi osora zabalduko da esperientzia. Tapiak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren helburua "Euskadin ibilgailu elektrikoaren integrazioa bultzatzea da, garraioan energiaren eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin eta euskal industria egituran negozio aukera berriak bultzatzeko aukera gisa".

Bestalde, Ramiro Gonzalzen hitzetan, Arabako Foru Aldundiarentzat "funtsezkoa da une honetan mugikortasunaren aldeko apustua egitea, autobus elektriko adimendunaren proiektua bultzatuz, eskaintzen diren zerbitzuak baldintza hoberenetan eskaini ahal izateko".

Azkenik, Gorka Urtaranek azaldu duenez, "autobus elektriko adimenduna bezala garraio publikoko sistema eraginkorra eta ahalmen handikoa ezartzea erakundeen apustu irmoa da". "Horrela erakutsi dute azken hilabeteetan Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak. Gasteiz erreferentzia izango da Euskadirako, Estaturako eta Europarako mugikortasun iraunkorraren eta osasungarriaren alorrean", azpimarratu du.