Gasteizko Santiago Ospitaleak erradiazio dosia murrizten duen eskaner berria dauka

Actualizado: lunes, 18 enero 2016 11:49

GASTEIZ, 18 (EUROPA PRESS)

   Gasteizko Santiago Arabako Unibertsitate Ospitaleko eskaner berria inaugauratu dute astelehen honetan, "beste aurrerapauso bat Osakidetzako Arabako zerbitzuak teknologikoki modernizatzeko bidean", Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi duenez. Pertsonek jasotako erradiazio dosia gutxitu eta emaitza klinikoak zein pazientearen segurtasuna hobetzen ditu abangoardiako ekipamendu berriak.

   Iturri bakarreko ordenagailu bidezko tomografien eskaner berria aurkezteko ekitaldian izan da Urkullu, Jon Darpón Osasun sailburuarekin eta Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiarekin batera.

   Ekipamendu berria eskuratzeko 650.000 euro inbertitu dira, eta aukera emango du pazienteak jasotako erradiazio dosia esplorazioko laurden batean murriztea. Aurreikusitako urteko jarduna, berriz, 9.000-9.500 paziente ingurukoa da.

   Halaber, organo osoen perfusioak eta kolonoskopia birtualak egin ahal izango dira hesteak garbitzeko libragarririk edo enemarik gabe. Azterketa kardiobaskular aurreratuak ere egin ahal izango dira, baita urologia sistemako litiasia hauteman eta dituen ezaugarriak bereizi ere, horretarako bena barneko iododun kontrasterik eman beharrik gabe.

   Segurtasun erradiologikoaren esparruan, egitasmo aitzindaria abiarazi zen iaz Euskadin: euskal zentro publiko eta pribatuen erradiodiagnostikoen kalitatea neurtzeko eta ziurtatzeko eskuliburua. Hasia da emaitza biltzen, osasun azpiegitura batzuek ziurtagiriak eskuratu baitituzte.

   Segurtasunaz gain, eskaner berriaren bizkortasuna da azpimarratzekoa, hamar segundo besterik ez duelako behar pazientearen gorputza osorik aztertzeko. Abantaila handia da politraumatismoak dituzten pazienteen kasuan. Gainera, eskaner berriaren bitartez, Santiago Ospitaleko Erradiologiako profesionalek irudietarako sarbidea izango dute Txagorritxun edo Santiagon bertan jardun, eta beren arteko lankidetza areagotuko da, hau da, diagnostiko medikoa oso denbora gutxian eman ahal izango da.

ETENGABE HOBETZEN

   Urkullu adierazi du pazientearen segurtasunean etengabe hobekuntzak egitea dela Eusko Jaurlaritzaren ildo estrategikoetako bat osasun arretaren arloan. Horren isla da, bere aburuz, Osakidetzaren eguneratze teknologiko etengabearen barruan, "Jaurlaritzak pertsonen osasunaren zerbitzura teknologia berriena jarri ahal izateko egin duen inbertsioa".

   Horren aldeko apustuak ez duela izango etenik ziurtatu du, eta aurten, besteak beste, Txagorritxu Arabako Unibteristate Ospitalea modernizatzeko eta handitzeko lanetan aurrera egingo dela eta Amurrioko zein Kanpezuko osasun zentroak eraikitzeko lanak abiaraziko direla esan du.

   Osakidetzaren ondasun nagusia, azpiegiturak baino gehiago, giza kapitala dela azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkie Arabako Unibertsitate Ospitaleko langileei eta haien profesionaltasuna goraipatu du. "Punta puntako profesionalak dira, Arabako kalitatezko osasun arretaren bihotza", ziurtatu du.