Gasteizko tranbia ekialderantz luzatuko da sei geltoki berrirekin

Gasteizko tranbiaren hedatzea aurkeztu dute
Foto: IREKIA/EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: jueves, 1 marzo 2012 18:49

GASTEIZ, 1 (EUROPA PRESS)

   Ernesto Gasco Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordeak, Javier Maroto Gasteizko alkateak eta Alicia Ruiz de Infante Arabako Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio diputatuak ostegun honetan iragarri dute Gasteizko tranbia hiriaren ekialderantz luzatuko dela, sei geltoki gehituz. Trazatua gaur egun linearen amaieran dagoen Angulemako geltokitik abiatuko da, eta Ballester Apezpikua kalera helduko da, bi kilometro inguruko ibilbidean. Sei geraleku berri egongo dira, eta lanen aurrekontua 18 eta 20 milioi euro artekoa izango da.

   Arduradun politikoekin batera, bileran Euskadiko trenbide azpiegiturak kudeatzen dituen erakundeko Euskal Trenbide Sareko (ETS) teknikariek ere hartu dute parte, eta bileraren ondoren, agintari politikoak "gizartearen eta ekonomiaren ikuspegietatik errentagarriena den" alternatibaren alde agertu dira.

   Erakundeen arteko akordioaren ondoren, eman beharreko hurrengo pausoa informazio azterlanaren lizitazioa izango da, eta, horren ostean, eraikuntza azterlana idatzi beharko da, lanak hasi aurretik. Hori guztia kontuan izanik, Javier Marotok adierazi du linearen luzapena 2015ean egon daitekeela martxan.

   Ernesto Gasco ere bat etorri da Gasteizko alkatearekin, eta trazatu berriak ibilbidean dituen ekipamendu sozialak kontuan izan dituela adierazi du. Ekipamendu horien artean Santiago Ospitalea eta zenbait ikastetxe daude.

   Ibilbide berriak 70.000 biztanleri eskainiko die zerbitzua, eta urtean bi milioi bidaiari gehituko dizkio tranbiari. Gascok, Marotok eta Ruiz de Infantek erakundeen artean alternatiba horren aldeko apustuaren inguruan dagoen sintonia azpimarratu dute. Proiektu horrek bidea zabalik uzten du etorkizunean, tranbiak, hedatzen ari diren Salburua edo Zabalgana bezalako auzoetara luzatzen jarraitzeko aukera izan dezan.