Gasteizko Udalak 200 ekintzaileri baino gehiagori eman die arreta 2017ko lehen seihilekoan

Laguntza
GASTEIZKO UDALA

DONOSTIA, 20 Ago. (EUROPA PRESS) -

Gasteizko Udalak 200 ekintzaileri baino gehiagori eman die arreta urtearen lehen seihilekoan, enpresa-proiektua definitu eta abian jartzeko prozesuaren barruan. Epe horretan eman diren 336 prestakuntza-orduak jaso dituzte gehienek. Taldeko informazio-saioek eta banan-banan arreta emateko saioek ere emaitza onak izan dituzte.

Izan ere, taldeko informazio-saioak dira Udalak ekintzaileei laguntzeko dituen gainerako zerbitzuetara sartzeko bide nagusia. 2017ko lehen sei hilabeteetan, bi orduko 30 saio egin dira, eta 84 pertsonak hartu dute parte. Udalak eskura jartzen dizkien baliabideen berri ematen zaie saioetan: prestakuntza, aholkularitza, laguntza ekonomikoak, etab. Orobat, negozioa martxan jartzeko lehen urratsei buruzko oinarrizko alderdiak ezagutzen dituzte.

Ekintzaileei banakako arreta emateko zerbitzuak, berriz, 102 elkarrizketa egin ditu (56 emakume eta 46 gizon). Haiek egindako galdera zehatzei erantzun eta garatu nahi zuten enpresa-proiektuari buruzko berariazko informazioa eman zaie.

Prestakuntzari dagokionez, enpresak sortzeari buruzko bi ikastaro antolatu dira, bakoitza 20 ordukoa, eta 32 pertsonak hartu dute parte. Parte-hartzaileen profilari begiratuta, autoenplegurako proiektuen edo mikroenpresen sustatzaileak dira, negozio-ideiaren ekonomia eta merkataritza bideragarritasunari buruzko azterlana egiteko eta enpresa-plana garatzeko laguntza behar dutenak. Hainbat alderdi landu dituzte ikastaroetan, hala nola merkatuen analisia, lege eta zerga betebeharrak, eta finantzaketa-iturriak.

LAGUNTZA EKONOMIKOAK

Prestakuntzaz gain, Gasteizko Udalak ekintzaileentzako laguntza ekonomikoak ematen ditu, ekintzaileentzako bekak, esaterako. Joan den ekainaren 15ean amaitu zen laguntza horiek eskatzeko lehen epea, eta 23 eskabide jaso ziren; horietatik 19k beka lortu zuten eta 4 ezetsi egin ziren. Bekak eskatzeko bigarren epea irailaren 30era arte egongo da zabalik.

Aldi berean, PIPAE-Ekintzaileei Laguntzeko Plan Integral Pertsonalizatuaren urteko bi edizioetako bat egin da. Horren bidez, Udalak informazioa, orientabideak, aholkularitza espezializatua eta prestakuntza eskaintzen ditu enpresa-proiektua definitzeko prozesuan. Prestakuntza moduluen osagarri, tutoretza saioak (mentoring) eskaini dituzte SECOT elkarteko boluntario seniorrek.

Orotara 51 ekintzailek hartu dute parte plan integralaren jardueretan. Horietan hainbat alorretarako enpresa-proiektuak landu dira: ikus-entzunezkoak, teknologia berriak, osasuna eta kirola. Ekintzaileei laguntzeko planean parte hartu duten hamar pertsonak aholkularitza espezializatua jasoko dute urtearen bigarren seihilekoan.

"Gobernu estrategia betetzen ari gara ekintzaileei laguntzeko baliabideak eskaintzeari dagokionez. Gainera, erakundeen artean koordinazio handia dago enpresa martxan jarri nahi dutenei prestakuntza, aholkularitza, laguntzak eta aretoak eskaintzeko, eta jarduera abian jarri ondoren proiektuen jarraipena egiteko. Negozio-ideia bat zuten pertsonek osatu dute gure enpresen sarearen oinarria, eta ematen diegun laguntzari esker, arrakasta lortzeko aukera handiagoa dute", adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.