Gaur taldeko artisten erakusketa bat Bilboko Arte Ederren Museoan

Erakusketaren aurkezpena egin dute
BIZKAIMEDIA
Actualizado: martes, 26 enero 2016 13:26

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Arte Ederren Museoak ere Donostia 2016ko programazioan parte hartuko du, eta horretarako, museoaren funtsetatik Gaur taldeko zortzi euskal artistaren obrak hautatu ditu erakusketa osatzeko. Zehazki, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Nestor Basterretxea, Amable Arias, Remigio Mendiburu, Jose Antonio Sistiaga, Rafael Balerdi eta Jose Luis Zumeta dira zortzi artistok.

   Erakusketa astearte honetan aurkeztu da museoaren auditoriumean, eta Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuak, Javier Viar Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak eta Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendari nagusiak parte hartu dute, besteak beste.

   Donostiako San Telmo Museoaren "1966 Gaur Konstelazioak 2016" erakusketaren zati bat da Bilbon aurkeztu dena. Gaur mugimenduko zortzi artisten eta geroagoko belaunaldietako nazioarteko beste artista batzuen lanetatik obra ugari hautatu dira, eta, horrela, "obra guztien arteko elkarrizketa sortu da".

   Donostiako beste espazio batzuek eta Bilboko Arte Ederren Museoak parte hartzen dute San Telmo Museoaren erakusketan. Bilboko museoak lan hauek jarriko ditu erakusketan: Oteizaren 18 eskultura, Chillidaren 20 obra (17 eskultura eta paper gaineko hiru obra), Basterretxearen lau obra (bi eskultura, pintura bat eta marrazki bat), Amableren hiru lan (bi pintura eta marrazki bat), Mendibururen lau eskultura, Sistiagaren pintura bat eta Zumetaren pintura bi.

   Balerdiri dagokionez, 21 obrak osatutako bilduma berezi bat erakutsiko da: lau pintura eta 17 klarion (sei museoaren bildumakoak dira eta beste 11k norbanakoek maileguan utzitakoak). Bilboko erakusketa apirilaren 25era arte egongo da zabalik. Horrez gain, museo bilbotarrak aldi baterako laga ditu, bere bildumatik, Balerdiren bost pintura eta Mendibururen eskultura bat, San Telmo Museoan ikusgai jartzeko.

   Ildo horretan, Bilbaok adierazi duenez, museo bilbotarrak, Donostia 2016ko ekitaldiei egiten dien lehenengo ekarpen horrekin, "ohore eta poz handiz hartzen du parte kultur arloan hain garrantzitsua izango den urte honetako ekitaldietan". Diputatuak gaineratu du, "Euskadi osoarentzat mesedegarri izateaz gainera, gure kulturari nazioarteko zabalkundea emoteko balioko duela Donostia 2016k".

GAUR TALDEA

   Aurten 50 urte beteko dira Gaur taldea sortu zenetik. Taldeak bere aurkezpenerako adierazpen bat egin eta erakusketa bat antolatu zuen Donostiako Barandiaran galerian. Sortzaile horiek "euskal artearen konstelazio garrantzitsu eta berritzaileena osatu zuten, Francoren diktadura zela eta sorkuntzarako oso garai latzean jaiotakoa".

   Artista horien asmoa artearen herentzia modernoa berreskuratzea zen, hau da, gerra zibilak eta diktadurak zapuztu zuten euskal eskola bat. Asmo hori beste talde eta lurralde batzuetan ere gauzatu zen, esaterako, Emen eta Orain Bizkaian eta Araban, hurrenez hurren, eta Danok eta Baita Nafarroan eta Iparraldean, hurrenez hurren.

   Gaur taldeko kideen artean eta talde desberdinen artean desadostasunak egon ziren artea ulertzeko moduari buruz eta artearen inplikazio sozial eta politikoei buruz; hori dela eta, 1969. urtean abentura kolektibo hori amaitu zen.