Gaztea maketa lehiaketaren 25. edizioak 7.500 euro banatuko ditu

Nazca taldeak irabazi zuen iaz
GAZTEA
Actualizado: jueves, 18 febrero 2016 18:31

BILBO, 18  (EUROPA PRESS)

   Gaztea maketa lehiaketaren 25. edizioa abian da, eta, urteurrena ospatzeko, "inoizko saririk potoloenak" banatuko ditu, bai eta orain arteko irabazleei berebiziko arreta jarri ere. Horrela, 5.000 euroko saria eskuratuko du epaimahairen saria lortzen duenak eta Bilbao BBK Live jaialdian arituko da. Entzulearen sariak, berriz, 2.500 euro banatuko dizkio irabazleari.

   EiTBk jakinarazi duenez, lehiaketaren lehen fasea martxan da. Hala, apirilaren 4ra arte, egun hori barne, parte hartzaileen kantak jasoko dira. Horretarako, maketa lehiaketaren atari berezian dagoen formularioa bete beharko dute parte hartzaileek. Behin maketak bilduta, aukeraketa lanak egin eta apirilaren 19an bozketa fasea hasiko da; 25 talde inguru sailkatuko dira bigarren fase horretara.

   Bederatzi egunez, hots, apirilaren 28ra arte, entzuleek nahi beste aldiz bozkatzeko hautua izango dute. Modu horretan, haien esku geratuko da entzulearen saria norentzat den aukeratzea. Halaber, bigarren sailkatuak finalerako txartela lortuko du.

   Beraz, maiatzaren 27an Bilboko Kafe Antzokiak hartuko duen final handian bost talde edo bakarlari lehiatuko dira: entzuleen botoei esker sailkatutako bi abestien egileak eta epaimahaiak hautatutako hiru artistak.

25 URTE

   Gaztea irratiako maketa lehiaketak mende laurdeneko ibilbide luzea dauka. 1991n izan zen lehenbiziko edizioa, irratia sortu eta urtebetera. Ordutik hona, baina, izan du aldaketaren bat edo beste. Gaur egun, adibidez, bi talde edo bakarlari saritu ohi dituzte; duela 25 urte, berriz, talde bakarrak lortu zuen saria.

   EH Sukarra eibartarrak izan ziren, hain zuzen, maketa lehiaketaren podiuma lehen aldiz zapaldu zutenak. Hurrengo urtean, Sorotan Belek jaso zuen lekukoa, eta gerora iritsi zen PiLT eta Zea Mays taldeen maketen arrakasta, 1995ean eta 1997an, hurrenez hurren.

   Esan bezala, hasiera batean epaimahaiaren saria soilik banatzen zen, baina urteen joan-etorrian entzuleen ahotsak ere hartu zuen lekua lehiaketan. Hala, 1995ean eman zen aurrenekoz bigarren sari hori, eta Latzen izan zen garaile orduan. Urtebete geroago, 1996an, alegia, Berri Txarrak izan zen entzuleen babesa lortu zuena.

   Oro har, agertokian oihartzun handia izan duten taldeak nagusitu dira 25 urteotako lehiaketetan. Aipaturikoak ez ezik, besteak beste, El Columpio Asesino, Seiurte, Kerobia, Lain, Enkore, Belako eta Skasti dira epaimahaikideek azken urteotan begi onez jo dituzten taldeak.

   Horri esker, oholtza gainean indartsu eta arrakastatsu aritzeko hautua izan dute harrezkero, bai epaimahaiaren saria eskuratu dutenek bai entzuleen saria lortu dutenek; azken horien artean daude Split 77, Delorean, Kauta eta Kometa.